Duela hiru urte, euskal ontziolek amaitutzat eman zuten tax lease finantzaketa sistemaren amesgaiztoa. 2015ko abenduaren 17an, Europako Justizia Auzitegi Orokorrak bertan behera laga zuen Europako Batzordearen 2013ako erabakia, euskal ontziolen kontra hartutakoa. Hartara, sektoreko inbertitzaileek ez zuten dirurik itzuli behar izan: 126 milioi euro, Madrilen kalkuluen arabera. Alabaina, Europako Justizia Auzitegiak 2015eko ebazpen hori baliogabetu du gaur, eta Auzitegi Orokorrari eskatu dio berriz ere aztertzeko auzia, ebazteko ea sektoreko inbertitzaileek dirua itzuli behar duten, Europako Batzordeak eskatu bezala.
Zazpi urte egin behar da atzera auzibide honen abiapuntua topatzeko. Europako Batzordeak 2011n hasi zuen Espainiaren aurkako auzibidea, Herbehereen salaketa bati erantzunez. Herbehereetako ontziolek salatu zuten Madrilek ontziolen sektorea laguntzeko diseinatutako tax lease sistema EBko merkatu batasunaren aurkakoa zela. Labur esanda: kostu ekonomiko handiko produktuak erosteko sistema bat da tax lease, enpresa erosleek ahalik eta zerga txikienak pagatzeko, eta, hartara, erosleari produktua bera merkatzeko. Antzeko sistemak dituzte EBko beste herrialdeetan ere.
Bada, Europako Batzordeak 2013an erabaki zuen legez kanpokoa zela Euskal Herriko eta Espainiako ontziolek erabiltzen zuten tax lease sistema. Batzordeak ebatzi zuen Bizkaiko eta Gipuzkoako ontzioletako inbertitzaileek sistema horren bidez 2007tik 2011ra arte jasotako laguntzak itzuli beharko zituztela: 126 milioi euro inguru.
Europako Justizia Auzitegi Orokorrak, 2015ean, bertan behera laga zuen Europako Batzordeak 2013an euskal ontziolen kontra hartutako erabakia, eta ontziolek tax lease sistema berri bat darabilte 2014tik, zaharraren oso antzekoa. Javier Lopez de la Callek, Euskal Herriko Itsas Foroko zuzendariak 2015eko abenduan, Luxenburgoren aldeko epaia jaso berritan, egunkari honi adierazi zion "harrokeria handiegia" iruditzen zitzaiola Europako Batzordeak epai hari errekurtsoa jartzea. "Harrituko nintzateke batzordea bera joatea Europako industriaren kontra, euskal industriaren kontra. Dagoeneko eragin digute sekulako galera", zioen. Bere hitzetan, "ezin neurtuzkoa eta berreskuraezina" izan zen Bruselaren 2013ko erabakiak eragindako kaltea.
GAKOAK
Zer da tax lease? Kostu ekonomiko handiko produktuak erosteko baliatzen den sistema bat. Haren helburua da enpresa erosleek ahalik eta zerga txikienak pagatzea, eta, hartara, erosleari produktua bera merkatzea. Sektore eta enpresa askok erabili dute sistema hori, baina bereziki mesedegarria izan da ontziolentzat, beren produktuen kostuak apaldu zitzaketelako, lehiakideei aurre egiteko aukera gehiagorekin.
Nola funtzionatzen du? Saltzailearen —ontziola— eta eroslearen arteko —ontzijabea— operazioan bitartekariak sortzean dago gakoa. Ontzia egiten ari direla, finantza erakundeek erosten dute, leasing —alokairua erosteko aukerarekin— adarren bidez. Horiek, berriz, Interes Ekonomikoko Taldeen esku uzten dute ontzia. Bankuak berak daude talde horietan, baina baita beren zergak gutxitu nahi dituzten inbertitzaileak eta enpresak ere. Interes Ekonomikoko Talde horiek ontzia armadoreari alokatzen diote, leasing kontratu baten bidez, eta, hiruzpalau urtera, azken ordainketa egin eta armadorearen esku geratzen da.
Non ditu abantailak? Zergetan. Sozietate zergaren araudiak aukera ematen die enpresei egindako inbertsioen bidez zergak gutxitzeko, zerga oinarri negatiboak sortzen dituztelako. Kasu honetan, erosketa handi baten amortizazioa epe motzean egin behar izateak —hiruzpalau urte— asko gutxitzen zuen enpresa horien zerga oinarri positiboa eta, hortaz, ordaindu beharreko zergak. Gainera, behin itsasontzia amortizatuta, Interes Ekonomikoko Taldeek leasing kontratuaz saltzean, zerga txikiagoak ordaindu dituzte.
Zenbateko aldea dago? %20 eta %25 ingurukoa, hau da, armadoreak ordaintzen duena ontziolak jasotzen duena baino %20-25 txikiagoa izan da. Alde hori Altxor Publikoak jartzen du. Horregatik, Bruselak uste zuen enpresen finantzaketa publiko ezkutua zela sistema hori.