Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Maine eta Loira eskualdeko Kolmi-Hopen maskara enpresa bisitatu du gaur. Koronabirusaz babesteko beharrezkoa den materialaren eskasiari aurre egiteko neurri batzuk iragarri ditu. Frantziako Estatuan ekoizten den maskara produkzioa emendatu nahi du, «guztiz autonomo» bilakatze aldera. «Gaur egun, 3,3 milioi maskara ekoizten dira astero Frantzian; apiril bukaerarako, 15 milioi ekoiztera pasatu behar dugu», esan du Macronek.
Bestalde, arnasgailuen fabrikazioa biziki emendatu nahi duela esan du. Horretarako, lau enpresaz osaturiko talde bat osatu dute, «maiatz erditsuko 10.000 makina» eraikitzeko. Ospitaleetan larriki gaixo direnentzako erabiltzen dira arnasgailuak, eta osasun langileen artean eskasiaren kezka sortu da, gero eta eri gehiago baitaude.
Macronek iragarri du Frantziako Osasun Publikoari 4.000 miloi euro emanen dizkiola Frantziako Gobernuak «COVID-19 gaitzaren aurka egiteko materiala eta medikamentuak ordaintzeko».