Pentsioen erreforma

Macronen plana «baztertu arte» protestei eutsiko diete sindikatuek

Goizean manifestazioa eginen dute Baionan, iparraldetik autobidean sartzeko biribilgunetik abiatuta.

CGTren. eta Jaka Horien protesta, igandean, Angelun. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2019ko abenduaren 10a
13:31
Entzun

Erretreten erreforma «baztertu arte» eutsiko diotela iragarri dute sindikatuek, gaurko greba egunari begira. CGT, Force ouvrière, FSU, Solidaires eta gazte erakundeek deitu dute gaur grebara Frantzian. Ipar Euskal Herrian ere mobilizazio eguna izango da gaur. Intersindikalak eta LABek Baionako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute, goizean, 10:30ean, Baiona Iparraldeko autobidean sartzeko biribilgunean. Intersindikalak jakinarazi du datorren ostegunerako beste protesta egun bat antolatu duela; grebarako deialdia egin du, eta manifestazio bat eginen dute, Baionan orduan ere.

Frantziako Gobernua makurrarazteko mugimendua iragan ostegunean hasi zen, eta, arrakasta izan zuenez, hainbat sektorek greban segitzen dute, arlo publikoan zein pribatuan. SNCFeko trenbideetako langileek, adibidez, sei egun daramatzate lanik egin gabe. Ostiralean, Hendaiako (Lapurdi) geltokian egin zuten biltzar orokorra, eta langilerik gehienek greba iraunkorraren alde agertu ziren.

Ordezkari sindikalek esan dute  mugimendua iraunaraztea dela erronka nagusia, Frantziako Gobernuak  erreforma bertan behera utz dezan. Horretarako, «sentsibilizazio kanpaina bat» egin dute intersindikalak eta LABek azken egun hauetan. Larunbatean, esaterako, 150 pertsona inguru bildu ziren protesta batean, Angelun (Lapurdi). Manifestazioa egin zuten bide nagusian, eta informazioa banatu zuten bertan.

Gaur ere, Ipar Euskal Herri osoan hainbat pertsona enpresaz enpresa ibili ziren, greba orokorra sektore pribatura hedatzeko asmoz. Sektore pribatua azkarki mobilizatu zen joan den ostegunean, baina, Samathan Hourquescos CGT sindikatuko bozeramailerak onartu duenez, «baliteke zailagoa gertatzea sektore horietan greba luzeak egitea».

Mugimenduaren segida

LAB sindikatuko ordezkari Eñaut Aramendik espero du biharko manifestazioa masiboa izatea. Ziurtatu duenez, LABeko afiliatuen %80 prest daude greban segitzeko. «Gure helburua da mugimendua indartzea eta egonkortzea», esan du, eta azaldu Ipar Euskal Herriko enpresen itzulia egin dutela xede horretarako. Bestalde, «gazteak hunkitzeko», Baionako unibertsitateko ikasleekin eta lizeoetako ikasleekin harremanak egin ditu LAB sindikatuak.

Hourquescosek bat egin du Aramendirekin: «Zaila da aurreikustea zenbat langilek greba egingo duten, baina langileengana jo dugu, eta mobilizatzeko prest dira. Erretreten erreformak haserrea eragin du, jendeak ulertu du denak hunkituak garela, eta borrokatu behar dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.