Madoff eta Map off

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Euskal Herriko mapa ETBk langabezira bidali zuen egunean (map off, alegia, mapa kanpora), Madoff auziari begira ziren milaka inbertsiogile, kezkaz. Ez euren dirua berreskuratu litekeelako, horrelakorik berriz gerta ez dadin neurri askorik hartu ez delako baizik. Gure burtsako enpresen jabetza eta salerosketan atzerriko kapitalek duten gehiengo absolutua, nazioarteko kapital merkatuen errealitatearen isla baino ez da: Suitzak salatu berri duen zerga ihesaren marra, finantza produktu eratorrien erabilera masiboaren marra (suntsipen handiko armak, hainbaten esanetan) eta inbertsio funtsen industria errekonbertsioan jarri duen marrak osaturiko mapa. Euroguneko konfiantza adierazleak hobetzen ari dira zerbitzuetan, Espainiako Gobernuak aurtengo bultzada fiskalaren herena murriztu nahi du 2010erako, eta Ibex-35ek (+%1,64) urteko maximoa jarriz ospatu zuen. Bi banku handienak %3ren bueltan igo ziren; Ferrovial %5,16 eta Repsol %2,34.



Metrovacesa (=) zonbi hutsa da burtsan. Higiezinen enpresa sei finantza erakunderen kontrolpean dago, BBVAko (+%3,08) zuzendari ohi Vitalino Nafria errioxarra buru duela. Errekonbertsio plana plazaratu zuen atzo, 6.130 milioiren zorrari aurre egiteko asmoz, aurtengo lehen hiruhilekoan 90 milioi galdu ostean. Bideragarritasun plana nahiko arrunta da: abian dituen bulego, merkataritzaalgune, aparkaleku eta hotelen egitasmoetatik errentagarrienei soilik heldu; gainontzekoak saldu, zorra murriztuz; eta, klasikoena, gastuak ahal beste mugatu, kontseilukideenak barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.