Pentsioak

Madrilek %0,9 igoko ditu pentsioak, baina gobernua osatu ondoren

Urtarrilean ez dute jasoko legez ezarritako %0,25eko igoera, baina kopuru berria ezartzean emango diete aldea. Lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera ere gobernu osaketarekin lotu du PSOEk. 2020an ere 2018ko aurrekontuekin aritu beharko du gobernuak.

Pentsiodunen protesta bat, Donostian. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko abenduaren 27a
17:47
Entzun

Igoko dituzte, baina ez %0,25, legeak aurreikusten duen moduan. Hauteskunde kanpainan hitzemandako %0,9koa ezarriko du Pedro Sanchezek (PSOE), baina gobernua osatzean. Neurriak atzerako eragina izango luke: alegia, urtarriletik gobernua osatu bitarteko denborari dagokion igoera ere jasoko lukete pentsiodunek; atzerapenarekin, baina.

Espainiako Gobernuko jarduneko bozeramaile Isabel Zelaak azaldu duenez, sozialistek ez dute egoki ikusten halako neurri bat beren kabuz ezartzea. Gaineratu du, halaber, «gainkostu» bat izango lukeela, eta pentsiodunentzat «nahasgarria» izango litzatekeela orain igotzea legeak ezarritako %0,25 eta, behin %0,9ko igoera ezartzean, ordura arte ordaindu gabe utzitako %0,65eko aldea ematea.

Mariano Rajoyren gobernuak (PP) 2013an aldatu zituen pentsioen legeko puntu batzuk: ezarri zuen, besteak beste, %0,25eko gutxieneko igoera ezartzea urtero, eta KPIari dagokiona kentzea. Puntu hori bertan behera utzi du Sanchezen jarduneko gobernuak. Hala jakinarazi du Zelaak, ministroen kontseiluaren ondoren eginiko agerraldian. Horrez gain, beste neurri batzuk iragarri ditu.

Hala, eta pentsiodunekin lotuta, Zelaak jakinarazi du 2011ko erreformak ez diela eragingo 2013ko apirilaren 1a baino lehen erretiroa hartzera behartutakoei, haien egoera aurreko legediaren arabera arautuko dela, zeina onuragarria den —besteak beste, txikiagoa da erretiroa hartzeko gutxieneko urte kopurua eta kotizatu beharreko denborarena—.

Zelaak azaldu duenez, neurri horrekin lagundu nahi diete krisi garaian kaleratuak izan ziren adineko pertsonei, lanera berriz itzultzeko arazoak izan eta erretiroa hartzeko behar beste kotizatzeko aukera izan ez dutenei.

Gutxieneko soldata

Lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeko aukeraz ere mintzatu da Zelaa, baina horri buruz ere esan du gobernua osatu arte itxarongo dutela. Iaz, %23 igo zuten, Unidas Podemosekin adostuta. 900 eurokoa da gaur egun, eta legealdiaren amaierarako 1.200ekoa izango dela hitzeman zuen Sanchezek.

Bestalde, Zelaak jakinarazi du ez dutela aldaketarik egingo autonomoen kotizazio moduluetan. Horrez gain, iazko —eta 2018ko— aurrekontuak luzatzea adostu du gobernuak. Azken urteetako bozengatik ezin izan dituzte berritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.