Defizit muga

Madrilek %1,2ko defizit muga jarri dio Jaurlaritzari, eta Urkulluk hamarren bat gehiago eskatzen du

Iñigo Urkulluren gobernuak bihar arte dauka Espainiako Ogasunarekin defizit muga adosteko. Ministro kontseiluak ezartzen du negoziazio epearen amaiera. Oraingoz ez da akordiorik, baina Jaurlaritzaren iturriek diote BPGaren %1,3tik "gertu" egon daitekeela azken kopurua. Madrilek %1,2koa ezarri zion atzo Zerga Politikaren Kontseiluan. 

xabier martin
2013ko abuztuaren 1a
18:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Ricardo Gatzagaetxebarria ez zen izan atzo Madrilen, Zerga Politikaren Kontseiluan. Zerga erregimen arrunteko erkidegoiei —guztiei, EAE eta Nafarroa salbu— defizit muga ezarri zien Cristobal Montoro Ogasun ministroak, 'kafea denentzat' formula alde batera utzita eta helburu asimetrikoak erabiliz lehen aldiz. Hau da, erkidego bakoitzari bere defizit muga ezarri zitzaion, eta Jaurlaritza kontzertu ekonomikoak ematen dion aldebiko harremanari eutsita aparteko negoziazioan dela esan zuen. Hala ere, publiko egin zen EAEri %1,2ko muga jarri diola Espainiako Ogasunak.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak esan du "kezkagarria" litzatekeela azken erabakia Madrilek hartzea "bere kabuz". "Hamarren bat gehiago" nahi du Jaurlaritzak, %1,3 arte. Lehendakariak azaldu duenez, hamarren horrek 70 milioi euro gehiago emango lizkioke Gasteizeko exekutiboari aurrekontuan baliatzeko, zorpetze gaitasun handitu egingo litzatekeelako. "Garrantzitsua" izango litzateke kopuru hori lortzea, "hutsuneei aurre egiteko". "Ikasturte honetan dagoen bilketa apalak" eragindako hutsuneei erreparatu die lehendakariak. "Autogobernuari sistema oinarri hartuta" adostu behar da EAEren defizit muga Urkulluren esanetan; eta horrela ez egitea "oso kezkarria" litzateke.

Barne produktu gordinaren %1,2ko defizit mugarekin egin zituen aurrekontuak Urkulluren gobernuak aurten, baina gerora zorpetze muga hori  %1,3ra igo zitekeela zabaldu zen Europako Batasunak Espainiari jarritako defizit muga malgutu ondoren. %0,7tik %1,2ra igo zen sabaia, eta gero 1,3ra, baina azken kopuru hori erkidegoen batez beste bezala onartu zuen Madrilen Zerga Politikaren Kontseiluak. 792 milioi euroko zorpetzea oinarri hartuta egin zuen, beraz, Jaurlaritzak bere aurrekontuak, hainbat murrizketa begien bistako geratuz, eta orain zorpetze gaitasuna hamarren bat igotzea negoziatzen ari da, hamarren horrek 70 milioi euro gehiago emango bailioke aurrekontuan baliatzeko. Madrilek eman behar dio baimena, ordea. Defizit muga %1,3ra "hurbiltzea" espero du Gasteizek, hala ere.

Nafarroako Gobernua ere negoziatzen ari da Montororen ministeritzarekin. Lourdes Goikoetxea kontseilaria Madrilen izan zen atzo, baina foro horretan begirunez dagoela argudiatuz abstentziora jo zuen bozketan, Barcinaren gobernua ere aparte negoziatzen ari baita, edo hori dio behintzat. Hala ere, Madrilek %1,2ko defizit muga jarri zion atzo. Adosten dena, beraz, kopuru horretatik hurbil egongo da, bai Nafarroaren bai EAEren kasuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.