Made in Italy [Italian egina] irakur daiteke etiketan, baina Italian saldu eta esportatzen den olio gehiena atzerriko olioen nahasketatik ateratzen da. Tunisia, Maroko, Grezia eta gehienbat Espainiatik inportatzen dute olioa, hain zuzen. Antolatutako merkatu batean etekin handiak lortzen dituzte hainbat enpresak, urtean, 5.000 milioi eurokoak. Agromafia deiturikoaz ezagutzen da negozioa; orain arte, hala ere, gehiago dira ezkutuan daudenak argitara atera direnak baino.
Legez kanpoko negozio bat da, eta gutxienez hamar marka daude horretan nahasita. Ikerketapean daudenez, oraindik ez da ezaguna guztien zerrenda. Olioa manipulatu egiten dute, tokikoarekin nahastu, eraldatu, eta inportatu. Italian ere saltzen dute. Kasu batzuetan lehen sakaldikoa ez izateaz gain, kalitate eskasekoa ere bada.
250.000 tona olio esportatzen ditu Italiak; inportatu, berriz, 470.000 tona. Gehienbat Liguria eta Toscana eskualdeetara heltzen da atzerriko olioa, Italia mendebaldera, baita Pugliara ere —Italia hegoaldean—. Olibondoak dituzten lurrak dira; baina zergatik olioa inportatu, inguru horietan ekoizpen nahikoa egiteko gai badira? Olio kiloa 50 zentimoan erosi eta 2,50 edo 3 euroan saltzen dutelako. Zenbait kasutan, 23-25 zentimoan ere eskuratzen dute, eta 1,80 euroan edo bi euroan saldu. Edo hiruan; laura ere irits daiteke prezioa.
Legediaren arabera, olioen nahasketaren jatorria argi adierazi behar da botilan. 2008. urtetik, gainera, derrigorrezkoa da etiketan zehaztea olibak non landu diren, baita eraldaketa non egin den ere. Beraz, negozioa legezkoa izateko Italiako jatorria daraman olio bat egiteko olibak herrialdean landu beharko lirateke, eta Italian bertan tratatu.
Hamar botiletatik bederatzitan informazio hori irakurtezina da, hizkiak txikiak dira eta ia ezkutukoak diren lekuetan ezartzen dituzte. Lehen sakaldiko oliba olioko bost botiletatik lauk, berriz, Italiako bandera daramate, barnean atzerriko olioa edo nahasketa daramaten arren.
La Repubblica egunkariak jarraipen zabala egin du gaiari buruz. 2008an ere izan zen halako kasurik: Puglian hogei enpresaren iruzurra azaleratu zen. Espainiako, Greziako eta Tunisiako olioa bertakoarekin nahasten zuten, eta «ehuneko ehun» Italiako produktu gisa saltzen zuten, bai Italian baita atzerrian ere.
Atzemandako kasuak
Mafia iritsi da Italiako olio ekoizleetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu