Euskal Herrian dauden sei ardo jatorri izena dutenak pozik egoteko moduan daude. Joan zen urtearekin alderatuz, mahatsaren produkzioa dezente handiagoa izan da, eta, horren ondorioz, ardo produkzioak ere igoera esanguratsua izango du. Nabarmendu behar da 2002ko uzta ez zela ohikoa izan. Apirilean eta maiatzean izandako izozteek eta hotzak kalte handia egin zien mahastiei, batez ere Errioxako eta Nafarroako ardoen kasuan. Txakolinei dagokienez, gero eta hektarea gehiago dituzte landaturik, eta produkzioaren errentagarritasunak ere gorakada izan du.
Aurten, berriz, eguraldiak ez zuen aparteko arazorik sortu urteko lehenbiziko hilabeteetan. Udan, aldiz, Euskal Herria astindu zuen bero sapak kezka sortu zuen ardogileen artean. Oro har, bilketa aurreratu egin behar izan zen inguru gehienetan, fruitua arinago heldu zelako. Printzipioz, beroak eragin ona izan du mahatsaren kalitatean. Gainera, abuztuan eta irailaren hasieran botatako euriak eta tenperatura jaitsierak mesede egin zion uztari, mahatsak izan ditzakeen gaixotasunak eragozteko.
-Errioxako ardoa: Errioxako Jatorri Izeneko aurtengo uzta historikoen artean sartuko da. Behintzat, kopuruari erreparatuta. 432 milioi kilo mahats izan dira. Aurreko urtearekin alderatuz (284 milioi kilo), %50 baino gehiago igo da. Soilik 2000. urteko mahats bilketak, 490 milioi kilorekin, fruitu gehiago jaso zuen. Kontuan hartu behar da iaz apirilean izandako izozteek kalte handia egin zutela.
Arabako Errioxari dagozkion datu zehatzak oraindik ez dira ezagutzen. Hala eta guztiz ere, 100 milioi kilo baino gehiago izango direla ziurtzat jo du kontseiluak. Bilketa luzea izan da aurtengoa. urriaren erdian %90 jasota egon arren, azken aleak urriaren 28an bildu ziren Azagran (Nafarroa), bilketa hasi eta bi hilabetera. Emaitzari dagokionez, 300 milioi litro ardo kalifikatu egitea espero du kontseiluak. Joan den sasoian, guztira, 195 milioi litrok jaso zuten kalifikazioa.Baikor dira kontseilu araujartzailean, eta kalitate ona espero dutela azpimarratu dute. Hala ere, mahatsaren artean aldeak daudela ohartarazi dute, bero saparen eta uzta bilketaren bukaera euritsuaren ondorioz. Bero boladak, izan ere, fruituaren heltzean distortsioak eragin zituen. Hori dela eta, muztioen garapena erabakigarria izango da datorren urteko ardoa nolakoa izango den argitzeko. Ardoen kalifikazio prozesua datorren abenduaren 1ean hasiko da.
-Nafarroako ardoa: Abuztuaren 16an ekin behar izan zioten, ohi den baino 15 egun arinago, mahatsa biltzeari Nafarroako ardogileek. Hain zuzen ere, Marcillan eta Cintruenigon abiatu zen uzta, chardonnay mahatsekin. Iraileko lehenbiziko astetik aitzina bilketa orokortu zen. Haatik, ez zen urriaren 27a arte bukatu, euriaren traba dela-eta.
Nafarroako Ardoaren Jatorri Izeneko Kontseiluak jakinarazi duenez, 108 milioi kilo mahats jaso dituzte 89 upelategiek. Aurreko urtearekin alderatuta, %35 fruitu gehiago.Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Erakundeak (EVENA) mahatsak kalitate egokia duela azpimarratu du. Hala ere, uztaila eta abuztuko beroak nahiz iraileko tenperatura jaitsierak gorabehera handiak eragin dituzte, eskualdeen arabera. Tenperatura jaitsierak, dena den, botritisa agertzea ekiditu du. Aurretik, apirilean, kazkabarra bota zuen baina ez zuen kalte askorik eragin.
-Bizkaiko txakolina:Bizkaiko txakolingileak pozarren daude. Beroak produkzioa biderkatu du txakolina egiten dituzten Bizkaiko eskualdeetan. Faktore horrek eta azken urteetan mahasti berriak landatu izanak, fruitu gero eta gehiago ekoiztea ahalbideratu dute. Jatorri Izeneko Kontseilu Araujartzaileak marka guztiak haustea espero du, eta aurtengo uztarekin milioi bat botila merkaturatzeko erronka du, aurreko sasoian baino %30 gehiago. Abendua arte ez dituzte behin-betiko datuak esku artean izango, dena den.
Aurtengo bilketari dagokionez, inolako arazorik gabe aurrera eraman dute. 2002an izan zituzten arazo guztiak ez dira agertu, eta, ondorioz, kalitate oso handiko txakolina merkaturatuko dela uste du kontseiluak. Gainera, produkzioaren igoerak jarraipena izango du datozen urteetan. Duela bi urtetik emandako joerarekin segitu, eta datozen bost urteetan ekoizpena %20 igotzea aurreikusi dute, urtez-urte.Upelategi bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina, oro har, txakolina egiten diharduten mahastizain gehienek graduazio gehiago eta garraztasun gutxiago duen edari baten alde apustu egitenari dira.
-Getariako txakolina:Aia, Getaria eta Zarautz (Gipuzkoa) herrietako 59 mahastizain eta 17 upelategi batzen dituen jatorri izeneko aurtengo uzta, bai kalitatean bai kopuruan, bikaina izan dela nabarmendu du Getariako Txakolineko Kontseilu Araujartzaileak.
Mahastiak atseden egokia izan zuten negu hotzean. Ondoren, udaberriko tenperatura arinak ontzean lagundu zuen. Udan, berriz, beroa izan da ezaugarri nagusia. Bilketa 15 egun inguru aurreratu zen. Jasotako fruituak 11 gradu ditu, batez beste, eta beste urte batzuetan baino garraztasun gutxiago. Oso lagungarria izan zen, ardogileen aburuz, abuztuaren 16an eskualdean erori zen euria. Orotara, 1,8 milioi kilo mahats jaso dira eta irailaren 28an bukatu zen bilketa sasoia.
-Arabako txakolina: Euskal Herriko jatorri izen berriena da Arabako Txakolina. 2002ko abuztutik du ezagutza hori, eta Aiarako eskualdean ia desagerturik zegoen usadioari jarraipena ematea lortu du. Gaur egun 60 mahasti hektarea ditu, eta 37 ekoizle biltzen ditu, baina guztien artean marka bakarra merkaturatzen dute.
Ekoizpenean dexenteko igoera izan dute aurten. 282.000 kilo mahats jaso dituzte eta horiekin 195.000 litro txakolin egingo dira: 260.000 botila, 2002an baino 100.000 gehiago.Gainontzeko jatorri izenekin gertatutakoaren antzera, bilketa aurreratu eta irailaren 22an hasi ziren mahatsak jasotzen. Orain fruitua ardo bihurtu eta botilaratzeko sasoia dator. 2004 urte hasierarako edateko prest izango da; izaera disdiratsua eta fruta usain bizia izango du.
-Irulegiko ardoa:Irulegiko ardoari dagokionez, oraindik ez dituzte ekoizpen guztiak zenbatu, baina sor-marka duten ardoetan, 700.000 litroz gora ekoiztu dituztela aurreratu digu Mixel Bergouignan Irulegiko Sotoko arduradunak. Bere iritziz, «urte normala» izan da, ekoizpenaren aldetik. Aldiz, ardoaren kalitatea aipatzerakoan, «ardo politak» ateratzen ari direla zehaztu du Bergouignanek. «Bertze leku batzuekin konparatuz, ardo ona da, aziditaterik ez du». Aurtengo Irulegiko ardoak ohikoak baino azkarragoak izango dira alkoholaren aldetik, hots gradu gehiago izango dute.
MAHASTIZAINTZA
Mahats uzta oso handia izan da Euskal Herrian
Udako bero saparen arrastoa sumatu dute sei ardo jatorri izenetan. Ekoizpenak hazkunde esanguratsua izan du; kalitate oso ona espero da, baina ez hasieran pentsatu bezain bikaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu