Maiatzaren Lehena

Maiatzaren 1erako deialdi bateratua egin dute Baionan

Manifestazioa eginen dute Baionan, 11:00etan, LAB, CGT eta SNUIPP sindikatuek, eta zenbait eragilek antolatuta. Langileen batasunerako deia egin dute.

Sindikatu eta eragileetako kideak, gaur, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko apirilaren 20a
11:24
Entzun

Azken bi urteetan bezala, maiatzaren 1erako mobilizazio deialdi bateratua egin dute Baionan. CGT, SNUIPP eta LAB sindikatuez gain, Gazte Ekintza kolektibo sortu berria, EBA Egiazko Berdintasunaren Alde, Etorkinekin kolektiboa, Bizi, eta Baionako antzokia okupatu duten kultur eragileak batu dira deialdira. «Atzoko, gaurko eta biharko» langileen batasunera deitu dute, «mundu justu, garbi, sozial, solidario, berdinzale eta feminista» baten alde. Manifestazioa eginen dute maiatzaren 1ean, 11:00etan, Baionako Lan Burtsatik abiatuta.

«Bizi dugun osasun krisiak mundu solidario, sozial eta ekologistagoaren beharra agerian utzi duen honetan, politikari ulta-liberalen erasoek ez dute etenik», adierazi du deitzaileen izenean Aitzol Gil de San Vicente Pla Gazte Ekintzako kideak. «Guri dagokigu biharko mundua eraiki eta bestelako hautuak inposatzea. Deialdi honekin bat egiten dugun eragileok iparra aldatzeko proposamenak ditugu».

Hala, aldarrikapen zerrenda bat plazaratu dute, gaur egungo egoerari buru egiteko: gazteentzat bizi baldintza duinak bermatzea, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzea, zerbitzu publikoak atxiki eta garatzea «elkartasunaren eta kohesio sozialaren oinarri direlako», migratzaileentzat «benetako» harrera politika bat eta paperik gabekoen erregularizazioa, uztailerako aurreikusi duten langabezia erreformari aurre egin eta «maila altuko babes soziala» atxikitzea denentzat, sistema produktibista atzean utzi eta urgentzia ekologikoari aurre egitea, eta kultur eragileen lan baldintzak bermatzea.

«Langileak ez doaz ongi»

Jadanik urte bat iraun du koronabirusaren pandemiak, eta Samathan Hourquescos CGTko Baionako batzordeko buruaren hitzetan «langileak ez doaz ongi». Gauza bera erran du Eñaut Aramendi LABeko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak ere: «langile anitz telelanean dira, isolatuak, enpresatik kanpo, batzuk langabezia partzialean». Momentu batean, gaur egun partziala dena «zinezko langabezia» bilakatuko dela aurreikusi du: «gaur egun estatuak ematen du aukera, baina badakigu ekonomikoki goiz ala berant altxatuko dituztela neurri horiek: enpresen itxierak, kaleratzeak etorriko dira». Tubacex edo Lauak enpresen adibideak eman ditu, jadanik gertatzen ari dela erakusteko.

Egoera horren aitzinean, mobilizatzea «ezinbestekoa» dela erran du Hourquescosek: «ez da osasun egoera baten aurrean gaudelako ahoa itxirik egon behar garenik eta aldarrikatu behar ez dugunik. Uztaila hasieran langabezia erreforma etorriko da, kaleratzeak izanen direla ere pentsa genezake... langileak mobilizatu behar dira».

Positibotzat jo dute bi sindikatuetako kideek aurten ere deialdi bateratua egin izana, eta LAB eta CGTren artean oraindik konfiantza harreman batean ez badira ere, harremanak hobetu direla iradoki dute biek. «LABekin beste edozein sindikaturekin izan genezakeen harremana dugu», adierazi du Hourquescosek. «Sindikalismo berri bat behar da, mugimendu sozialekin harremanean. Bide onean gaude, hortik segitu beharko dugu», Aramendiren hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.