“Prekarizazioa geratzeko iritsi da”. Irakurketa orokor bezain zehatza egin du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak gaur goizean. Egoera ekonomikoa bideratzen ari direla dioten ahotsek ez dute bat egiten gizartearen zati baten egoerarekin, azaldu duenez, “kapitalak diru gehiago biltzen duelako, modu desorekatuan, gainera”. Prekarizazio egoera orokortu bat dago haren ustez, “eta ez dago inor egoera hori bizi izan ez duenik”. Tartean aipatu ditu pentsiodunak, gazteak, emakumeak eta langileak. Sektore horiek kaleko aldarrikapenak bere egiten ari dira, eta “erantzun orokorrago bat” emateko beharra aldarrikatu du Aranburuk. “Greba baten beharra daukagu”. Galiziako CIGek ekainaren 19rako greba orokorrerako deia egin du, eta Espainian ere horretarako oihartzuna entzuten hasi dela ere gogoratu du. “Erronka hori gure egin behar dugu, eta maiatzaren 30ean mobilizaziorako deia egin behar dugu”. Bi orduko lanuzteetara deituko ditu egun horretarako LABek langileak.
Sindikatuak, gainera, ez luke nahi afiliatuak mobilizatzeko egun bat izatea, langile denak baizik. “Maiatzaren 26an pentsiodunen manifestazio berri bat dago, eta horrekin bat egingo dugu; eta 30ean berriz bi orduko lanuzteak. Maiatz beroa izango da aurtengoa”, aurreratu du Aranburuk. Beste eragile sozial edo sindikalekin adostu gabe egin du deialdia LABek, baina euren asmoa ez da mobilizazioa eurena egitea: “Lanuzte zabala izatea nahi dugu”.