LABek formatu ezberdinak aukera izan ditu Maiatzaren Leheneko protestetarako. Aurten, manifestazioak antolatu ditu, eskualdeka, guztira 24. "Gure estrategiaren barruan kokatzen den erabakia da. Eskualdeak gune sozioekonomiko naturalak dira, baita borrokarako gune naturalak ere", azaldu du Sonia Gonzalez komunikazio idazkariak. Eskualdeka antolatzen diren protestetan, jende gehiago mobilizatzen dela nabarmendu du, halaber, gainerako eragile sozialekin elkarlana errazten dutela dio. "Enpresa barruko gatazkak gatazka sozialak dira, eta eskualde osoa jarri dezakete kolokan", gaineratu du, azkenaldian halako hainbat adibide ikusi direla esanez. Borrokatu, matxinatu eta irauli da sindikatuak aukeratu duen leloa.
Ainhoa Etxaide idazkari nagusiaren esanetan, "lau erreferentziarekin" aterako dira kalera Maiatzaren Lehenean. "Kontuan izan behar dugu greba orokorra egitera goazela", azaldu du lehenik eta behin. ELArekin batera deitu du LABek maiatzaren 30eko grebara. Alabaina, Maiatzaren Lehenean bakoitzak bere kasa egingo du protesta. "Indarrak biltzeak ez du esan nahi dena elkarrekin egitea. Sindikatu ezberdinak garela baina bide komunean urratsak egiten ditugula erakutsiko dugu". Eredu berria eraikitzeko premia izango da sindikatuak datorren asteazkenean aldarrikatuko duen beste puntuetako bat. "Eta eredu hori ezin du elite ekonomikoak finkatu". Politikak aldatzeko eskaera da Etxaidek aipatutako hirugarren erreferentzia. Azkenik negoziazio kolektiboaren defentsa egin behar dela nabarmendu du. "Uztailaren 7 hortxe dago. Lan baldintza onenak ditugula esaten digute, baina hori borroka asko egin dugulako da".
INEk gaur emandako langabeziari buruzko datuen balorazioa ere egin du LABeko idazkari nagusiak. "Onartezinak", direla esan du, batez ere Nafarroako kasua aipatuta. "Ia %20ra iritsi da langabezia tasa, eta bitartean gobernua ustelkerian itota dago, kosta ahala kosta hor mantendu nahian". Sindikatuak proposatutako hainbat neurri martxan jarriz gero, 28.000 lanpostu sortzeko aukera egongo litzatekeela nabarmendu du. "Borondate politikoarekin, segituan aplikatu daitezkeen neurriak dira. Aparteko orduak debekatzea, 35 orduko lanastea bultzatzea eta erretiro adina 65 urtekoa izatea adibidez". Iñigo Urkulluk aurrekontuetan 1.200 milioi murriztea proposatu izana ere kritikatu du. "Patxi Lopezen murrizketek egoera honetara ekarri bagaituzte, pentsa aurrekontuak hainbeste murriztuta".