Herenegun interes tasak jaitsiko zituela iragarri zuen Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak. Beraz, espero izatekoa zen atzo Euriborrak behera egitea. Are gehiago, azken egunetako joerari erreparatuz gero. Hilaren 9an jo zuen goia Euriborrak, %5,512ra iritsita. Bezperan interes tasak jaitsi zituen EBZk, eta aurreneko egunean erreakzionatu ez bazuen ere, hilaren 10etik etengabe jaitsi da indizea. Egun bakar batean ere ez du bezperan baino gorago itxi.
Hipotekak garestiago
Jaitsierak jaitsiera, egun hauetakoren batean hipotekak berritzea tokatzen zaienek gehiago ordaindu beharko dute aurrerantzean. Mailegua urtean behin berrikuste izan ohi da ohikoena. Kontuan hartuta iazko urrian Euriborra %4,647an zegoela, 30 urtean ordaintzeko 160.000 euroko hipotekak hilero 65 euro garestiko dira.
Etorkizunean indizeak beherantz jarraituko duela uste dute adituek, baina merkatuetan dagoen ezegonkortasuna kontuan hartuta, edozer gerta daitekeela diote.