Maien zibilizazioa gerrak deuseztatu zuen gisan, maiatzean egurra latz jaso du burtsak, ia deuseztatzeraino: %10,8 galdu du Ibex-35ek (-%0,7), eta euroak ere bere balioaren %7,4 galdu du dolarrarekiko. Lehmanek maien bideari heldu zionetik hilabeterik txarrena izan da, bistan denez. AEBetan eta Erresuma Batuan jai izateak salerosketa nabarmen gutxi zuen, hilabete amaiera izatearekin batean; 1.049 milioiren salerosketa ez da batere esanguratsua Ibex-35eko tropelarentzat. Sacyr irabazien enperadore gisa agertu zen (+%6,33), Vallehermosoren zorra birnegoziatu duela eta. Gainontzean, galeren erreinua izan zen atzokoa: gure burtsako bi erraldoiek %0,8na pasa galdu zuten, Repsol-YPFk %1,35 eta BBVA eta Iberdrolak %1,2na pasa. Hilabete falta da urteko bigarren hiruhilekoa ixteko, baina, egiari zor, gure burtsaren kasuan, astrologia eta medikuntzaz harago, bistan da: espainiar birusak kutsatu du tropela, heldu zein gazte.
Endesak (+%0,16) zentral nuklearretan indar handia du; Garoñaren %50, besteak beste. Bada erretiro adinaren luzatzeari lotuta, berauen erretiro adina 60 urtera arte luzatzea proposatu du. Gehitu horri tarifa defizita deritzona: argindarraren kostua eta kontsumitzaileek ordaintzen dutenaren arteko aldea. Lehen hiruhilekoan 850 milioirena izan da eta, hala ere, espero baino %20 txikiagoa. Bien bitartean, ACSk (+%0,76) Iberdrolaren (-%1,25) kontrola lortzeko borrokan jarraitzen du. Kapitalaren %20 bereganatu eta kontseilari bat lortzeko asmo argia du.
Maien maiatza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu