Euskal Herrian ere amaitu da maileguen kopurua etengabe beherantz zihoan garaia. Bezperan Laboral Kutxak esan bezala, atzo Kutxabankek ere nabarmendu zuen gero eta mailegu gehiago ematen dituela bere bulegoetan. Horri esker eta horniduretara iaz baino diru gutxiago bideratu behar izateari esker, Kutxabankek interes tasa txikien testuinguru zaila gainditu du, eta iaz pareko irabaziak aurkeztu ditu urteko lehen hiruhilekoan: 54,1 millioi euro (+%0,4).
Orain urtebete aurkeztutako emaitzetan ere adierazi zuen Kutxabankek ugaritzen ari zirela maileguen eskaerak, bai etxebizitzak erostekoak, baita enpresenak ere. Aurten, are argiago ikusten du joera hori. Lehen hiruhilekoan iaz baino %44,5 hipoteka mailegu gehiago eman ditu, eta enpresa txiki eta ertainen finantzaketa ere %28 hazi da.
«Bezeroei emandako maileguek aktibo osoan duten pisua kontuan hartuta, batez besteko handiena duen finantza erakundeetako bat gara», nabarmendu du BBK, Kutxa eta Vitalen bankuak. Hain zuzen, aktiboen %74 osatzen dute bezeroen maileguek. Datozen hilabeteetara begira ere, etxeak erosteko finantzaketa baldintzak hobetzea izango da «erronka nagusietako bat».
Iaz baino testuinguru okerragoan aritu behar izan duela adierazi du finantza erakundeak, interes tasak 30 puntu inguru murriztu direlako. Horrek zaildu egiten du bankuen berezko negozioa; hots, bezeroen gordailuak besteei mailegatzea, interes tasa handiago batean. Edonola ere, Laboral Kutxak ez bezala, Kutxabankek lortu du interesek ematen dioten marjina handitzea (%2,1), 155,2 milioi eurora arte.
Mailegu ustel gutxiago
Irabaziei behera tira egin dio aparteko operazioetatik etorritako sarreren jaitsierak. Hori konpentsatzeko, %7,6 igo ahal izan du komisioen bidez eskuratutakoa, 90,1 milioira arte. Kutxabankek zehaztu duenez, hori ez da gertatu bezeroei komisioak igo dizkielako, baizik eta inbertsio funtsen eta pentsio planen salmenta handitu egin duelako. Ageriko aurrezkiak %5,2 hazi dira, pentsio planetan jarritako dirua %7,2 eta inbertsio funtsetan jarritakoa, berriz, %29,8.
Baina Laboralen kasuan bezala, mailegu ustelen balizko galerak estaltzeko diru gutxiago jarri behar izanak txukundu ditu Kutxabanken kontuak. Zehazki, horniduretarako 81 milioi erabili ditu —iaz 134 milioi—. Hori egin ahal izan du, besteak beste, maileguen berankortasuna txikitzen ari delako. Kutxabank osoarena %9,76 da, aurreko hiruhilekoan baino 0,92 puntu txikiagoa. Berankortasuna ia erdira jaitsiko litzateke (%5,4) etxebizitzen sustatzaileei emandako maileguak alde batera utziz gero. Atzeratuta dauden hipoteka maileguak gutxiago dira, eta are gutxiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan emandakoak; horien artean %1,8k bakarrik dute arazoren bat.
Berankortasunaren jaitsiera antzeman du Laboral Kutxak ere. Astelehenean zabaldutako datuen arabera, %8,44koa du. Urtarrilaren 1etik martxora 33,9 milioi euro irabazi ditu kreditu kooperatibak, iaz baino %5,2 gehiago. Hark ere hipoteken merkatuaren susperraldia nabarmendu du.