Mailteck-ek Madrilera joatea onartu ez duten langileak ere botako ditu

Ekoizpen linea kendu, eta 31 langile kaleratuko ditu; hogei eguneko kalte-ordaina jasoko dute

Erredakzioa
Iruñea
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Mailteck taldeak Buñuelen dituen bi lantegietako hamazazpi langile bota eta hamalau Madrilgo lantokira lekualdatzea nahi zuen. Inork ez du onartu Madrilera joaterik. Sindikatuen arabera, enpresak ez du baldintzak negoziatzerik ere nahi izan. Hala,31 langileak botako ditu urtebeteko epean. Guztiek hogei eguneko kalte-ordaina jasoko dute, gehienez ere lan egindako urte bakoitzeko hamabi hilabeteko ordainarekin.

Arte grafikoetan eta publizitatean espezializatutako enpresa da Mailteck, eta bi lantegi ditu Buñuelen: Mailteck eta Mailgrafica Publicidad Directa. Kaleratzeek ekoizpenean aritzen diren lagunei eragingo diete, Nafarroatik kendu egingo baitu produkzio linea. Bulegoetako sei langileek soilik jarraituko dute enpresan.

Madrilen duen lantokian ere hamazortzi pertsona kaleratzeko espedientea aurkeztu zuen enpresak. Azkenean, ez ditu botako, haien ordez lekualdatzeak onartu ez dituzten Buñuelgo langileak kaleratuko dituelako. UGTk iragarri du helegitea jarriko diola espedienteari. Haren esanetan, «deslokalizazio kasu argia» da Mailteckena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.