Aurreko urtean baino fakturazio handiagoa izan du makina-erremintaren sektoreak, AFM patronalak ezagutarazi duenez. Euskal Herria (eta bereziki Gipuzkoa) munduko potentzia handienetakoa da sektorean. Bada, %3,4 handitu dira salmentak 2015ean aurreko urtearen aldean. Gainera, alorreko enpresen eskaerak handitu egin dira, nabarmen, %10 hain zuzen, eta horrek 2016rako aurreikuspen onak egitera bultzatu du AFM. "Barne merkatuan fakturazioa apur bat igotzea espero dugu, eta esportazio mailari eustea", esan du Antxon Lopez Usoz AFMko presidenteak.
Azpisektoreei dagokienez, arrankea (%4,6), beste makinak (%9,5), erramintak (%6,7), osagarriak (%5,6) eta mekanizatuak (%6,3) hazi egin dira; eta hornidurak, berriz, jaitsi egin da (-%7,9).
2014an baino gutxiago esportatu du sektoreak, %1,8 gutxiago, baina inoizko maila altuenean dago esportazioa. 1.071 milioi euroren salmentak egin ziren atzerrian iaz, historiako hirugarren kopuru handiena. Gainera, lehen aldiz, AEBak dira esportazio gehien jasotako herrialdea. Gero, Alemania, Italia, Erresuma Batua eta Txina datoz. Aurreko urtean, Txina izan zen zerredaburua; garbi erakusten du horrek Txinako merkatuaren gainbehera.
Bestalde, barne merkatua %24,4 handitu da, eta aurten are gehiago haztea espero du AFMk. "Hazkunde horrek erakusten digu lehiakortasun industriala berreskuratzen ari garela. Oraindik bide luzea dugu, baina euskal administrazioak enpresen makinaren parkea berritzeko emandako laguntzak lagundu du".