Pandemiak 2020an eragindako lurrikarak %19,65eko jaitsiera ekarri dio makina-erremintaren sektoreari. Gehienbat Gipuzkoak hartzen duen industriako sektore teknologiko horren galerak munduan izandakoen parekoak dira (%19,18), eta Xabier Ortueta zuzendari nagusiak uste du "itsaso zakarrean aurrera egiten" jakin dutela enpresek, "pandemia etorri zenean eskaerak bagenituelako, eta urritik aurrera eskera berriak sartzen hasi zirelako". Horiek horrela, 1.324,12 milioi euroko fakturazioa izan du sektoreak 2020. urtean.
Azpisektoreka, ordea, badira aldeak. Alegia, enpresa batzuek besteek baino arazo gehiago izan dituztela eta dituztela gaur egun. Esaterako, deformazioan aritzen direnei %21,82 apaldu zaizkie salmentak; harroketa makineriarekin aritzen direnei, berriz, %18,68. Dena den, azpisektore guztiek egin dute behera pandemiaren urtean, nahiz eta batzuek hobeto eutsi dioten aparteko egoerari: osagaiek eta erremintek %15 egin dute atzera, eta mekanizazioak eta beste zerbitzu batzuek, berriz, bakarrik %9,31. Edonola ere, enpresek izan dute eta badute estres maila bat, eta enpleguan ere sumatu da hori, %5 inguru galdu baitu. 7.589 enplegu zuzen ematen dituzte sektoreko enpresek.
Esan beharrik ere ez dago: esportazioek finkatu dute enpresen errealitatea joan den urtean, eta esportazioak apaldu egin dira, noski, pertsonak eta materiala garraiatzeko arazoak direla eta. %22,25 egin dute atzera atzerriko salmentek, eta 1.006 milioi eurorenak izan dira. Salmenta guztien %76 ordezkatu dute esportazioek, makina-erremintaren nazioartekotze handiaren erakusle.
Produktu gehien esportatu duten herrialdeen rankinari begira, ez dago ezuste handirik: Alemania (%11,8), AEBak (%10), Frantzia (%9), Italia (%7,3) eta Txina (%7,3) azaltzen dira lehen postuetan. Baina 2021ean mundu mailako ekonomia erakusten ari den joera bat islatu da lehen hiruhilekoan egindako esportazioetan: Txina eta AEBak lehenago suspertu dira, eta horrek berekin ekarri du Txina izatea euskal enpresen lehen herrialdea esportazioetan, Alemania eta AEBen aurretik.
Eskaerei eutsi
"Baikortasunez baina errespetuz" begiratzen diote AFMn aurtengo urteari, eta iazko urrian hasita enpresak jasotzen hasi ziren eskaerek hauspotzen dute susperraldi espiritu hori. "2021eko lehen hiruhilekoan ere islatzen ari da merkatuaren dinamismo hori", esan du Ortuetak, eta joera horrek zenbat iraungo duen, horren arabera islatuko du urte bukaerak sektorearen susperraldia; edonola ere, %12 eta %15 artekoa izango dela uste dute AFMko arduradunek.
Betiere, espezialiazioaren arabera iritsiko da susperraldi hori enpresetara. Ortuetak azaldu du autogintza ari dela sendo jardunean, nahiz eta galdera marka handi bat dagoen alor horren gainean, trantsizio ekologikoa dela eta. Aeronautikarentzat jarduten duten makina-erremintako enpresek gehiago itxaron beharko dute, aurrekuspena da bi-hiru urte beharko direla normal hasteko. Trengintza eta energia berriztagarriak, ordea, makina-erreminta bultzatzen ari diren sektore gisa azaldu ditu klusterrak.
Horiek horrela, Txinaren inbertsio handia, Joe Bidenen susperraldirako planak eta Europa funtsak aipatu ditu Cesar Garbalena AFMko presidenteak makina-erremintaren susperraldiaren bideko mugarri gisa. "Aurtengo bigarren hiruhilekoan lehenaren eskera mailari eusten bazaio, sektorea sendo haziko da 2021ean".