Euskal industriaren hitzordu klasikoetako bat itzuliko da heldu den urtean. Makina-Erremintaren Biurtekoa ekainaren 13tik 17ra egingo da, ohiko denez, BEC erakustazokan. Bizkaian egiten den industria feria handiena da, eta, antolatzaileen arabera, «indartuta» itzuliko da pandemiak eragindako iazko hutsunearen ondoren.
BECek azaldu duenez, hurrengo urteko aldiaren leloa More BIEMH than ever izango da [Inoiz baino BIEMHago, horiek dira erakustazokaren gaztelaniazko siglak]. Antolatzaileekin izandako bileran sektorearen egoera aztertu dute, eta, garai zail batzuen ondoren aurreikuspen baikorrak daudela ondorioztatu dute, aurtengo lehen lau hilabeteetako kaptazio datuak 2019koetatik gertu daudelako. Are gehiago, AFM sektoreko enpresarien elkarteak eskaerak %25 handitzea espero du 2021ean.
Antolatzaileak uztail eta abuztuan hasiko da erakusle zein gonbidatuen zerrenda osatzen, eta beste urte batzuetan parte hartu izan duten etxeak itzultzea espero dute.