Azoka

Makina-Erremintaren Biurtekoa 2022ra atzeratu dute

Azoka azaroan egitekoak ziren Barakaldoko BECen (Bizkaia), baina antolatzaileek azaldu dute «egungo egoerak eragindako ziurgabetasunak» ez duela bermatzen topaketaren kalitatea.

Azokaren antolatzaileak eta Arantxa Tapia sailburua iaz, Hannoverren (Alemania), 31. Bienala aurkezten. JONAS HOLDEN / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 16a
12:24
Entzun

Ez da Nazioarteko Makina-Erremintaren Biurtekorik egingo aurten Bilbao Exhibition Centerren. Antolatzaileek azoka atzeratzea erabaki dute, eta, ondo bidean, 2022ko maiatzaren 30etik ekainetik 3ra egingo dute 31. aldia. Azaldu dute  koronabirusaren pandemiak eragindako egoerak aldaketak egitera behartu dituela; zehazki, hark sortu duen ziurgabetasunak. Erakustaldian izatekoak ziren enpresekin adostu dute erabakia.

Azaroaren 23tik 27ra ziren egitekoak aurtengo Makina-Erremintaren Biurtekoa. Izatez, maiatzaren amaieran egin ohi dute azoka, eta aurten ere hala egiteko asmoa zuten. Pandemia luzatuko ez zelakoan atzeratu zuten azarora, baina egoerak aurtengoz amore ematera behartu ditu antolatzaileak.

BECek ohar batean adierazi duenez, «Biurtekoa sektoreko topaketarik garrantzitsuena da, eta egoerak ez du haren kalitatea bermatzea ahalbidetzen». Antolatzaileen batzordeko kideek horregatik uste dute «erabakirik egokiena» hartu dutela; gehitu dute gogor lanean jardun dutela maiatzaren hasieran azoka atzeratzeko erabakia hartu zutenetik, eta egoera sakon aztertu dutela.

40.000 bisitari

Azokaren antolatzaileen esanetan, Barakaldon egiten den azoka sektore horretan Europan antolatzen den handien artean hirugarrena da, eta makinetan, erremintetan, osagarrietan eta halakoetan garatutako teknologia berriak aurkeztea izaten du helburutzat. Azken urtean, 2018an, 40.000 bisitari baino gehiago izan ziren han,  eta 136.000 harreman komertzial egin ziren bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.