"Susperraldi industrialaren mailako arrakasta" izan da aurten Barakaldoko BEC erakustazoka osoa hartu duen Makina-erremintaren Biurtekoak, azokaren antolatzaileen berbetan. 40.000 bisitari jaso ditu Barakaldoko erakustazokak (Bizkaia), 2014n baino %13 gehiago. Baina azokaren balorazio ona ez da bakarrik parte hartze handian oinarritzen, Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiaren iritziz: "Biurteko handia izan da, lehengoen modukoa, eta ez bakarrik parte hartze datuengatik, giroagatik baizik, erakusketari eta bisitari gehienen tonu baikorragatik, eta barne eskariaren hazkunde handiak eragindako salmentengatik".
Hurrengo zitarako data ere zehaztu du dagoeneko Basañezek: 2018ko maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitartean izango da, BECen. Biurtekoaren 30. azokak aurtengoak baino egun bat gutxiago izango du, astelehenetik ostiralera bitartean egongo baita zabalik —zapatua ezabatu dute—.
Bisitariek Bilbo inguruan egindako egonaldiak eta azokako salerosketek 36 milioi euroko eragin ekonomikoa izan dutela azaldu dute antolatzaileek. Azokak sortutako onura ekonomikoak nabarmendu ditu AIMHE Makina-erreminta Esportatzaileen Espainiako Elkarteko buru Jorge Garciak ere: "Azoka eta gero salmentak egiteko aurreikuspen handiak dauzkagu".
BECen izan diren sektoreko bisitari profesionalen %45 Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpokoak izan direla nabarmendu du antolakuntzak, eta horietatik %5 Hegoaldetik eta Espainiatik kanpoko 54 herrialdetakoak izan direla. Guztira, 1.200 profesionalek parte hartu dute azokako jardunaldietan, eta 30 herrialdetako 1.523 erakusle izan dituzte, azken ediziotik %12 gehiago.
Lana bilatzeko aukera
Aurten lehen aldiz antolatu dituzte ADDIT3D jardunaldiak azokan, eta 652 pertsonak hartu dute parte. 3D inprimagailuen bidezko fabrikazioak makina-erremintaren sektorean sortzen dituen aukerak ezagutu ahal izan dituzte parte hartzaileek. Fabrikazio moldeak aldatzen ari den sektore indartsua da 3D inprimagailuena: iaz 4.600 milioi euroko fakturazioa izan zuen mundu mailan, eta 2011az geroztik urtero %30eko hazkundea du sektoreak, eta datozen lau urteetan bolumena irukoiztea espero dute adituek. Guztira 84 erakusle bildu ditu ADDIT3D azokak, eta datorren urtean ere antolatuko dute azoka, Aste Industrialaren barruan.
Bestetik, lana bilatzeko aukera ere ekarri du Makina-erremintaren Biurtekoak, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Guztira 6.516 gaztek parte artu dute lehenengo Workinn saioan. Azokak 100 lanpostu eskaini ditu, eta baita sektorean lana bilatzeko aholkularitza ere.