Euskal enpresak

Makina-erremintaren inoizko kontratu handienak lortu ditu Danobatgroupek

Mondragon taldeko kooperatiba horrek 103 milioi euroren eskariak lortu ditu Australian eta Indian, trenak eraikitzeko makinak egiteko.

Miren Garate.
2013ko abenduaren 18a
16:02
Entzun

Euskal industriarentzako ez dira garai onak aspaldian, baina Danobat Elgoibarko taldeak albiste ikusgarria eman du gaur. Hiru kontratu lortu ditu trenen sektorean, 103 milioi euroren truke. Elgoibarko kooperatibak inoiz lortutako kontratu handienak dira, baina baita Euskal Herriko makina-erremintaren sektorearen handienak ere.

2008an ere kontratu handia lortu zuen Danobatek Errusian. TVSZ enpresarentzat treneko ardatz muntatuak egiteko linea automatizatu eta malgua diseinatzeko eskaera izan zen, 50 milioi euroren truke. Orduan ere, makina-erremintako inoizko eskaera handiena izan zen sektorearen barruan. Handik gutxira, taldeak Lucchini SP enpresa italiarra abiadura handiko trenetarako ardatzen fabrikaziorako munduan dagoen lerrorik aurreratuenaz hornitu zuen.

Sinatuetako kontratuetatik bi meatzaritzaren sektorean mundu mailan liderrak diren Australiako bi enpresa ospetsurekin egin ditu. Lehenengo kontratua bagoien bogiea eta wheelset-a (muntatutako ardatzak) zaintzeko eta konpontzeko giltza eskurako tailer bat hornitzeko da; bigarrena, berriz, muntatutako ardatzak zaintzeko lerro automatiko baterako. Bata zein bestea, meategiaren eta portuaren arteko garraioa egiten duten bagoietarako dira.

Hirugarren kontratua Indiako IRCON etxearekin sinatu du Danobatgroupek. Haren bitartez lerro automatiko bat hornituko da bidaiarien trenen muntatutako ardatzen fabrikaziorako.

Danobatgroupek azaldu duenez, kontratu horiek azken urteotan kooperatibak espezializatzeko egin duen apustuaren emaitza dira, bai eta balio erantsi handiagoa eskaintzeko egindako apustuaren ondorioa ere, "makinetan ez ezik honelako instalazioak diseinatu, integratu eta martxan jartzeko egindako ingeniaritza lan handian ere ikusten dena". Azkenaldian egin duen ibilbide zabalari esker aurre hartu ahal izan die Alemaniako lehiakideei. 

Proiektuen ezaugarriak

Australiarako proiektuekin erantzuna ematen zaio meatzetako trenen mantentze lanak egin ahal izateko tailer automatizatuen gero eta eskari handiagoari; izan ere, tren horiek, gehienetan, ustiatze lekutik gertu egoten dira, iristen zailak diren lekuetan, eta, beraz, ez da eskulanik hurbil egoten. Instalazio horietan beharrezkoa izaten da osagai guztien muntaketa, konponketa, ondorengo muntaketa eta azken ikuskapena erabat automatikoki egitea.Gainera, honelako proiektuetan beharrezkoa izaten da ekipamenduak –kasu batean, 28, eta, bestean, 22- manipulaziorako gailu robotizatuekin eta lerro osoaren kontrol integralerako sistema informatikoarekin integratzea, eta horregatik, esan genezake tailer hauek direla munduan dauden instalaziorik aurreratuenak trenaren funtsezko osagaietan, bogie eta muntatutako ardatzetan, mantentze lanak egiteko.

Proiektu biei modu egokian erantzun ahal izateko, Danobatgroupek lankidetza hitzarmen bat izenpetu du Marand Precision Engineering enpresa australiarrarekin. Australiako enpresa hori lerroak dagozkien tokian ezartzeko lanez arduratuko da hura, Elgoibarko kooperatibak gainbegiratuta.

Indiarako lerroak, berriz, bidaiarien garraiorako diren trenetan segurtasuna eta erosotasuna handitzeko dagoen gero eta eskari handiagoari erantzuten dio. Kasu honetan, Danobatgroupek giltza eskura erako proiektu bat hartuko du bere gain muntatutako ardatzen fabrikazio, ikuskapen eta muntaketarako. Instalazioak guztira 15 ekipo dauzka, tartean Danobatgroupek fabrikatutako ardatz eta gurpilen mekanizaziorako makinak, osagaien manipulaziorako sistema robotizatu bat eta lerroaren kontrol integralerako gailu informatikoa. Honetarako, kooperatibak Puneko delegazioan (India) duen lantalde teknikoaren laguntza izango du.

Eragina ingurunean

Eskariek eragin handia dute kooperatibaren hurbileko inguruan; izan ere, eskari guztien %66 maila lokalean egingo da, eta ehuneko horretatik herena inguruko hornitzaileei azpikontratatuko zaie, normalean Danobatgroupekin lan egiten duten hornitzaileei hain zuzen ere. Enpresak nabarmendu du halako eskariek kualifikazio handiko lanpostuak sortzen dituztela. Kooperatiban bertan, langileen %43k baino gehiagok unibertsitateko ikasketak dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.