Aurtengoa urte zaila izango da makina-erremintaren sektorearentzat. Hurrengoa, 2010a, are zailagoa. Zergatik? Sektoreak epe luzera begira lan egiten duelako, ekoizten duen produktuagatik: produktuak eta produktuen zatiak egiten dituzten makinak. Enpresa batek makina bat eskatzen duenetik bi hilabete eta urtebete artean pasatzen dira makina-erremintaren ekoizleak egiten duen arte. Alegia, kasu askotan iaz eskatutako makinak egiten ari dira oraindik. Eskaerak, baina, asko jaitsi dira azken hilabeteetan: batez beste %50, iazko martxotik abuzturako seihilekotik hurrengo seihilekora. Beraz, lan gutxiago espero dute datozen hilabeteetarako eta datorren urterako.
Espainiako Makina-Erremintaren Ekoizleen Federazioak (AFM) uste du krisiaren ondorioak apaldu ahal izango dituztela iazko eskaeren inertziari esker. «Aurtengoa gaindituko dugu», esan zuen Koldo Arandiak atzo, AFMko lehendakariak. Dena den, aurten produkzioa %10-%20 artean jaitsiko dela uste dute.
Sektoreak, batez beste, lau edo sei hilabeterako lana du. Hala ere, Arandiak ohartarazi zuen batez besteko horrek errealitate ezberdinak ezkutatzen dituela: «Enpresa gehienen egoera kezkagarria da, baina batzuena zaila bihurtzen ari da». Onartu zuen sektorea krisiei aurre egitera ohituta dagoela, baina «egokitze mingarriak» egin beharko dituela. Ez zuen zehaztu zer egokitze klase.
2010a «konplexuagoa» izango da, aurten eskaeren jaitsierak irauten badu. «Ez dugu edukiko aurten eduki dugun inertziarik edo babesik», Arandiaren arabera. Makina-erremintaren bezero gehienak ari dira krisiaren ondorioak jasaten: autogintza, aeronautika, eraikuntza... Arandiak bi salbuespen aipatu zituen: tren garraioa eta energia.
AFMk gaur egingo du urteko batzar nagusia, Donostian. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek ekoizten dute AFMko ekoizpen osoaren %70-80. Makina-erremintak %2ko ekarpena egiten dio EAEko barne produktu gordinari (BPG), eta sektoreak 5.600 lanpostu zuzen eta zeharkako 10.000 inguru ditu.
Iazkoa ez zen urte txarra izan makina-erremintarentzat: 1.056,7 milioi fakturatu zituzten AFMn bildutako 91 enpresek, 2007an baino %0,9 gehiago. AFMk marka historikoak espero zituen iaz, baina azken hiruhilekoan izandako jaitsierak joera errotik aldatu zuen, eta emaitza 2007koaren parean geratu zen.
Esportazioak, gora
Esportazioek eutsi diete sektorearen emaitzei. AFMk inoiz baino gehiago esportatu zuen iaz: ekoitzitako produktuen %70; 2007an baino %18,4 gehiago. Alemania, Italia, Frantzia, Txina, eta India dira erosle nagusiak. 2007tik 2008ra salmentak handitu egin dituzte herrialde horietan, Txinan izan ezik.
Eskaera berrien kopurua %6,8 jaitsi zen iaz. Hala ere, AFMk ontzat jo du jaitsiera hori, 2007an eskaeren marka hautsi baitzuten. Eskaeren jaitsiera aztertuz gero, alde handia dago inportazioen eta esportazioen artean. Jaitsiera %3,3koa izan zen esportazio herrialdeetan; %21,5ekoa, berriz, Hego Euskal Herrian eta Espainian.
Kopuru hori salmentetan ere islatzen da. Hego Euskal Herrian eta Espainian egindako salmentak %15 jaitsi ziren iaz.
AFMk uste du bi arazo konpondu behar direla sektoreak etorkizunean aurrera egin dezan: alde batetik, enpresei finantzaketa erraztea, makinetan inbertitu ahal izateko; bestetik, makinen berrikuntza sustatzea eta laguntzea.
Krisia hasi zenetik Espainian hitzetik hortzera aipatzen dute eraikuntzarekiko mendekotasuna jaisteko ekonomia eredua aldatu behar dutela. Arandiak administrazioei eskatu zienlaguntzak emateko produkzio baliabideak berritzeko:«Eredu ekonomikoa aldatzeko, industria lehiakorra behar da, eta, horretarako, makina lehiakorrak behar dira». Makina-erremintak fakturazioaren %6 gastatzen du I+G+(b)n.
Makina-erremintaren sektoreak beldur handiagoa dio 2010ari, 2009ari baino
Eskaerak %50 jaitsi dira seihileko batetik bestera, eta, ondorioz, lan gutxiago izango dute datorren urtean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu