Makina-erremintaren sektoreak uste du urte zaila izango dela

Iazko azken hiruhilekoan eskaera «nabarmen» jaitsi zela esan du Espainiako Ekoizleen Elkarteak

Erredakzioa
2009ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Makina-erremintaren sektoreak krisiari eutsi zion iaz, baina ez dirudi aurten lortuko duenik. Iazko azken hiruhilekoan eskaeren jaitsiera «nabarmena» izan zen, eta horrek 2009. urtea «zaila» izango dela esan nahi du, Koldo Arandia AFMko presidentearen esanetan. Espainiako Makina-Erreminta Ekoizleen Elkartea da AFM. Aintzat hartu behar da Espainiako makina-erreminta ekoizleen %70 eta langileen %77 Euskal Herrian daudela, Gipuzkoan batez ere.

Sektoreak 2007ko emaitzei eustea lortu zuen iaz: guztira 1.053 milioi euroko fakturazioa izan zuten, 2007an baino %0,5 gehiago. AFMk %5 eta %7 arteko igoera espero zuen.

Esportazioen igoerari eskerlortu dute emaitzak berdintzea; inportazioak, aldiz, jaitsi egin ziren. Iaz 2007an baino %12,1 gehiago esportatu zuten. Esportazioen bidez, 627 milioi euroko fakturazioa lortu zuten, fakturazio guztiaren %66,2.

Hala ere, Arandiaren esanetan, gaur egungo krisiak badu aurre egitea zailtzen duen ezaugarri bat: «Merkatu batzuen ahultasuna ezin da beste batzuen sendotasunarekin berdindu». Horregatik, uste du sektore zehatzetara bideratu behar dutela produkzioa: energiara eta tren, itsas eta espazio garraiora. Administrazioei laguntza eskatu die, Espainiako industria zaharberritzeko.

Euskal Herriko makina-erreminta produktuen erosle nagusiak Alemania, Italia, Frantzia, Txina, India, Mexiko, Brasil, Argentina eta Errusia izan dira.

Elgoibarko (Gipuzkoa) Danobat enpresak Errusian lortu du sektoreko euskal enpresa batek inoiz lortu duen eskaerarik handiena: 50 milioi euroko kontratua, Errusiako TVSZ enpresarentzat treneko ardatz muntatuak egiteko 24 makina ekoizteagatik. Eskaerari erantzuteko lantegi berri bat egiten ari da Bergaran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.