ALBERTO
31 urte, Aviles (Asturias).
«Lana bilatzeko garaian, polibalentea izan behar da»
Asturiastik Bilbora etorri zen duela hiru urte Alberto —gehienek bezalaxe, ez du abizenik eman nahi—, eta udalarentzako lanean aritu da duela bost hilabete arte. Iturgin lan egin ondoren, langabezia saria jasotzen ari da. «Baina hori ere laster bukatuko zait, eta orduan hasiko dira komeriak», dio. Lanbideko ordenagailuan dabil lan bila, «edozer gauza; lana bilatzeko garaian, polibalentea izan behar da».
Bere bikotekideak lan egiten duen arren, gero eta zailagoa egiten ari zaie hipoteka, haurraren gastuak eta eguneroko bizitzaren beste gastuak ordaintzea. «Direnak eta ez direnak egiten ditugu».
AMELIA ETA OSCAR
33 eta 38 urte, Bilbo.
«Langabezian gauden denok lapurtzen hasi beharko dugu azkenerako!»
Eguneroko bizimodu zaila du bikote bilbotarrak. Ia urtebete igaro da Ameliak lanpostua galdu zuenetik, bederatzi urtez dendako saltzaile gisa jardun eta gero. Egun, astean lau orduz lan egiten du beste denda batean, baina prestazio sozialak ere jasotzen ditu, han jasotzen duen soldata eskasa osatzeko.
Oscar bikotekidea, bestalde, lanik gabe egon da azken bi urteotan. 16 urte zituela hasi zen segurtasun arloan lan egiten, eta orduz geroztik ia hogei urte egin ditu sektore horretan. «Orain egoera oso zaila dago gure alorrean, eta ikastaroak egiten hasi naiz». Duela gutxi egin zuen soldadurarabideratutako bat, baina 17 lan-posturentzako 144 pertsonak eman zuten izena. «Eta ez didate deitu».
Bietatik Amelia da lanean ari den bakarra: «Baina egongo ez banintz bezala da, astean lau ordu ez baita ezer». Horregatik, eguneroko bizimodua oso zaila da. «Baina oraindik laguntzak jasotzen ditugu behintzat». Hemendik hiru hilabetera agortuko zaio iturri hori, eta Oscarri, berriz, datorren uztailean. «Edozein modutan, oso gogorra da zereginik gabe etxean egon eta lanerako ez deitzea. Azkenean, lapurtzen hasi beharko dugu langabezian gaudenok!», Oscarren hitzetan.
JESUS MARI ETXEBERRIA
53 urte, Bilbo
«Orain amildegiaren ertzean nago»
Egun bakarra darama Jesus Marik langabezian, eta dagoeneko larri dago. 18 urte zituenetik segurtasun arloan lan egin du lan berak ere, eta kaleratu zuten unean bertan eman zuen izena langabe gisa. «Hala ere, oraindik ez didate zehaztu noiz arte jasoko ditudan laguntzak, eta ez dakit jasoko ditudan ere...». Orain, gainera, diru premian dago bilbotarra, pentsio batean bizitzen egonda bertako egonaldia ordaindu beharra baitauka. «Estu hartzen ari zaizkit».
Premia hori dela eta, bankuan izan da pentsio planetik dirua ateratzeko, baina ez diote itzuli nahi izan. Lanik gabe dagoela ziurtatzen duen idatzia aurkeztu behar du bankuan. «Baina eraman arren ere ez didate eman nahi nik aurreztutako dirua». Hori dela eta, etxerik gabe eta pentsioa ordaintzeko baliabiderik gabe geratzeko aukera ikusten du. «Orain amildegiaren ertzean nago».
NILDA
50 urte, Buenos Aires (Argentina)
«Urtebete daramat etxekoei dirua ezin bidali nabilela»
Argentinako krisitik ihesean etorri zen Nilda 2002. urtean Bilbora, hemendik etxekoei lagundu ahal izateko. Zortzi urte eman ditulanean, horietatik sei etxeko langile gisa eta Gizarte Segurantzan kotizatu gabe. Horren ondoren, bulegoko lanetan aritu da, baina sei hilabete badira kaleratu zutenetik. «Denbora gutxian, kotizatu nuen, eta hemendik hiru hilabete barru amaituko zaizkit laguntzak».
Gela batean bizi da, bera bakarrik, eta orain langabezian dagoela, etxekoei laguntzeko aukerarik ez du. «Badaramat ia urtebete etxekoei dirurik ezin bidali nabilela, aurreko lanpostuan ere ez bainuen sobera irabazten». Egoera aldatu ezean etxera itzultzea pentsatzen hasi da.