Gineakoa Afrikan gertatzen ari denaren paradigma dela uste du APP Afrikako Aurrerabidearen Taldeak. Herrialdearen hego-ekialdeko Simandou mendietan gertatzen ari dena seinalatu du APPk. Izan ere, aberastasun ekologiko handia duten baso tropikalen azpian altzairua egiteko beharrezkoa den burdina mineralen meatzeak daude: munduko burdina mineral meatzerik aberatsenak, gutiziatuenak eta gutxien ustiatutakoak. Bost kontinenteetako multinazionalak ari dira lehian Simandouko burdina mineralaren zati bat bereganatzeko. Milaka milioi euroko inbertsioak daude aurreikusita, Gineako esportazioek sekulako gorakada izango dute laster eta hazkunde ekonomikoak bitsa bezala egingo du gora. Baina, APPk galdera bota du airera: "Zer eragin izango du munduko herrialde pobreenetako bateko herritarrentzat? Gineako gizartearen bizitza hobetuko du ala Afrikako baliabide naturalen madarikazio endemikoa errepikatuko da?".
Denborak emango du erantzuna. Dagoeneko, ordea, ur nahasietan sartuta dago Simandouko negozioa. 2008an Gineako Gobernuak Rio Tinto multinazional britainiarrari ohartarazi zion meatzea ustiatzen hasteko epea agortu zuela; hark ukatu egin zuen, baina Konakryk ustiapen eskubideen erdia ezabatu zion konpainiari. BSGRk, Beny Steinmetz talde israeldarraren subsidiarioak erosi zituen eskubide horiek. Bi urte geroago, hasierako 117,9 milioi euroko inbertsioen ostean, BSGRk bere zatiaren %51 saldu zion Brasilgo Vale meatze konpainiari, 1.842 milioi euroren truke.
Negozio biribila BSGRrentzat. Financial Times kazetan aditu batek nabarmendu zuen «gure belaunaldian izandako meatze negozio pribaturik handiena» izan zela. "Eskubideen balioak %3.000ko gorakada izan zuen bi urtetan", azpimarratu du APPk. Beste era batera esanda, Beny Steinmetz Taldearen konpainia subsidiarioak salmenta horrekin 2011ko Gineako barne produktu gordina 2,4 aldiz adina poltsikoratu zuen. Oraingoz, beraz, ginearren bizi maila hobetzeko zentimorik ez da iritsi Simandouko meatzetako aberastasunetik. Gineak, hainbat herrialde afrikarretan gertatu bezala, urrezko aukera galdu du herritarren egoera hobetzeko: %58ko pobrezia tasa dauka, munduko ama haurdunen heriotza tasarik handienetakoa eta lehen hezkuntzan eskolatuta egon beharreko umeen laurden batez dago eskolatuta.
Egoera politikoa ere aldrebesa da kontinentearen mendebaldeko herrialdean. 1958an Frantziarekiko independentzia lortu zuenetik presidente autokratikoak izan ditu, 2010ean lehen aldiz hauteskunde demokratikoak egin ziren arte. Baina harrezkero ere, egoera ez da baretu. Iazko irailean izan ziren hauteskundeetan gehiengo osoa lortu zuen RPG gobernuko alderdiak, eta 2010etik boterean den Mohamed Said Fofana ekonomistak jarraituko du gobernuko gidari. Oposizioak "iruzurra" salatu zuen iraileko bozetan, izandako polemikaren ondorioz joan den martitzenera arte ez zuten gobernua osatu.
Multinazionalak nagusi
Eskandalagarriak dira APPk bere azken txostenean Afrikaren egoera sozioekonomikoari buruz egindako 2013ko erradiografian emandako datuak. Eskandalagarria da kontinentearen aberastasun potentzialen eta garapen sozioekonomikoen arteko ikaragarrizko desorekagatik. Arazo nagusiak zeintzuk diren detektatu eta zerrendatu ditu APPk: gobernantza demokratikoaren sendotasun falta, kontratu esleipenetan prozeduretan gardentasun falta eta zerga sistema sendo, argi eta bidezkoen falta, besteak beste.
Deigarria da, esaterako, Gabon, Angola edo Nigeria bezalako petrolio hobi handiak dituzten ekonomien BPGaren ondoan, erraldoiak direla herrialde horietan petrolioa ustiatzen duen Shell multinazional estatubatuarraren urteko diru sarrerak —begiratu goiko infografian—. 2012an Shellen 345.000 euroko fakturazioak Nigeriaren BPGa ia bikoiztu egin zuen,Angolako BPGa laukoiztu eta Gaboneko BPGa 27,3 aldiz gainditu. Antzeko zerbait geratzen da, Glencore multinazional anglo-suitzarraren 2012ko fakturazioa eta petrolioa duten Zambia eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekonomien tamaina erkatuz gero.
Lehengai ez berriztagarriei dagokienean, Afrika altxor bat da mundu mailan. Adibide bat jartzearren, Hegoafrikan bakarrik, mundu osoko platino produkzioaren %77 egiten da, kromita produkzioaren %46 eta magnesio produkzioaren %21. Kongoko Errepublika Demokratikoan, berriz, munduko kobalto produkzioaren %53 eta diamante industrialen produkzioaren %21 egiten da. Hala ere, aberastasun gutxi geratzen da lehengaiaren jatorrizko herrialdean.
Zergatik? Arrazoi ugari daude: gobernuen eta multinazionalen arteko negozioen gardentasun eza, herritarrek edo talde zibilek negozio horiek kontrolatzeko duten gaitasun eza, atzerriko konpainien iruzur finantzarioak, estatuen zerga sistema ahulak eta multinazionalek ahalik eta diru gehien poltsikoratzeko erabiltzen duten ingeniaritza fiskala.
Nazioarteko potentziek Afrikako estatuekin dituzten merkataritza bolumenak eta zuzeneko inbertsioak azken hamarkada eta erdian nabarmen hazi dira. Iaz, esate baterako, %18 jaitsi ziren zuzeneko inbertsioak munduan; Afrikan, aldiz, %5 igo ziren.
Bereziki Txinak eta Indiak kontinente beltzarekin duten merkataritza bolumenak igo dira —ikusi ondoko orriko grafikoa—. Urtean 147.000 milioi euro mugitzen ditu Pekinen eta hegoaldeko kontinentearen arteko merkataritzak. India eta Afrikaren arteko merkataritza bolumena 3.600 milioi eurotik 51.500ra igo da hamar urtean, eta 2015ean 73.600 milioi eurotara iristea espero da.
Zuloz josita
Baina, hala ere, Afrikak atzerritik zuzeneko inbertsioetan jasotakoa baino gehiago galtzen du iruzurrezko fakturazioarekin. Ondoko orriko infografian ikus daitekeenez, 2008tik 2010era bitartean Saharaz azpiko Afrikan 24.200 milioi euro sartu ziren zuzeneko inbertsio gisa, baina aldi berean, 38.400 milioi eurok ihes egin zuten kontinentetik iruzurrezko fakturazioaren ondorioz. Beste ikuspegi batetik begiratuta, esan daiteke Afrikak jasotzen duen atzerriko diru laguntzaren bikoitza galtzen duela legez kanpoko diru irteeren ondorioz.
Dena dela, "baikortasunerako" eta "baliabide naturalen madarikazioa hausteko" garaia dela uste du APP taldeak. Afrikako eta nazioarteko hamar pertsona ezagunek osatzen dute taldea: Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohiak, Baionan jaiotako Michel Camdessus NDFko buru ohiak, Peter Eigen TI Nazioarteko Gardentasun taldeko sortzaileak, Bob Geldof musikari irlandarrak, Graça Machel Mozambikeko politikari eta Nelson Mandelaren alargunak, Strive Masiyiwa Econet Wireless telekomunikazio multinazionalaren sortzaile zimbabwetarrak, Olusegun Obasanjo Nigeriako presidente ohiak, Linah Mohohlo Botswanako Bankuko zuzendariak, Robert Rubin AEBetako Altxorraren buru ohiak eta Tidjane Thiam negozio gizon bolikostarrak.
Baikortasunari eusteko lau arrazoi eman ditu Afrikako Aurrerabidearen Taldeak. Lehenengoa, azken hamarkadan Afrikak izandako giza garapena da. «Historian lehen aldiz, jaitsi egin da pobrezian bizi direnen kopurua, eta umeen heriotza tasa ere jaisten ari da». APPren arabera, joera horiek erakusten dute "hazkunde ekonomiko gogorrago baten eta politika gogorrago baten arteko konbinazioak emaitzak eman ditzakeela".
Bigarrenik, oinarrizko produktuen merkatu globalaren joera dago. "Oinarrizko produktuen prezio handi iraunkorren ziklo baten lehen fasean gaude. Eta badirudi esportazioen gorakadak beharreko azpiegitura sozioekonomikoak eraikitzeko erabil daitezkeen diru sarrera handiak sortuko dituela".
Hirugarrenik, demokrazia Afrikan "sustraitzen" ari dela, eta laugarrenik, gobernuak duela hamar urte baino gardentasun handiagoz ari direla baliabideen inguruko kudeaketak egiten. Nazioarteko komunitateak kontinentearen egoeran eta etorkizunean duen erantzukizuna gogorarazi du Kofi Annanek, eta Afrika "aukera handi baten aurrean" dagoela berretsi du.