'Malgusegurtasuna', frantziar erara

Hauexek dira lan merkatuaren erreformaren puntu nagusietako batzuk:

Berria.info
2013ko martxoaren 6a
16:30
Entzun

Lanaldiaren edo soldataren txikitzea. «Zailtasun koiuntural larriak» dituzten enpresek langileen sariak eta lanaldia laburtu ahal izango dituzte, inor ez kaleratzearen truke. Enpresaren barruan akordioa lortu beharko dute horren inguruan, eta gehienez bi urtez iraungo du. Murrizketa onartzen ez duten langileak bota ahal izango ditu enpresak.

Mugikortasuna. Enpresek lanpostuz edo lantokiz aldatu ahal izango dituzte langileak, aitzinetik zituzten lan baldintzak errespetatzen badituzte. Langileak ezezkoa emanez gero, enpresek kaleratu ahal izango dituzte.


Artekako kontratu mugagabeen esperimentazioa. Berrogeita hamar langile baino gutxiagoko enpresetan «artekako kontratu mugagabeak» esperimentatuko dira. Behar orduan, langilea ez da lanean ariko, baina, hala ere, kontratu mugagabe baten pean geldituko da.

Gaitasun profesionalen araberako kaleratzeak. Kanporaketa ekonomikoen kasuan, gaitasun profesionalaren irizpidea baliatu ahal izango da kaleratzekoen ordena finkatzeko.

Kaleratze errazagoak. Arrazoi ekonomikoengatik erabakitako kaleratze kolektiboak errazago egingo dira. Auzitegiek aukera txikiagoa izango dute plan sozialak (kaleratze kolektiboak) oztopatzeko, haietara jotzeko epeak laburtuko direlako. Bizkorragoak izango dira banakako kaleratzeak ere, arrazoi beragatik.

Enpresa barneko akordioen pisua. Enpresa barneko antolaketa malguagoa izango da. Lanaldia beste era batera antolatu nahi dutenek ez dute halabeharrez plan sozial baten prozedurarik abiatu beharko, barne erabaki bat nahikoa izango baita.

Langabezia partziala, sinplifikaturik. Langabezia partzialaren sinplifikazioa eta batasuna helburu du akordioak.
segurtasuna

Kontratu prekarioen zergapetzea. Kontratu mugatuetan, langabeziarako kotizazioak %7ra igoko dira hiru hilabetetik beherakoetan, %5,5 bat eta hiru hilabete artekoetan. Emendatze horietatik at geratzen dira, ordea, ordezkapen eta sasoiko lanerako kontratuak eta horiek dira, hain zuzen ere, kontratu prekarioen zati handi bat.

Lanaldi murriztuak, gutxienez 24 oren astean. Lanaldi partzialeko kontratuak astean gutxienez 24orenekoak izango dira. 26 urtetik beherakoek edo partikularrek kontratatukoentzat ez da aplikatuko. Orenak urte osoan antolatzen ahalko dira.

Langabezia saria. Lana berriz aurkitzen duen langabeak erabili gabeko langabezia laguntzarako eskubideei eutsi ahal izango die.

Osasun osagarria enpresa guztietan. Enpresa guztiek (txikiek barne) osasun zerbitzu osagarriak eskaini beharko dizkiete langileei, mutualitate, aseguru edo antzeko batekin. Finantzaketan erdibana pagatu beharko dute. Kaleratzea gertatuko balitz, urtebetez mantendu ahal izango du osagarri horretarako eskubidea.

Langileen ordezkariak, erabakitzeko boterearekin. Frantziako lurraldean 5.000 langiletik gora duten enpresetan bat edo bi ordezkari izango dituzte langileek administrazio kontseiluetan, boto eskubidearekin.

Formaziorako eskubidea. Langileak lantokiz aldatu arren, formatzeko duen eskubide heina atxikiko du. Erretreta garaia arte balioko du formakuntza kontuak.

Enpresaz mugitzeko aukera. 300 langile baino gehiagoko enpresetan, bi urteko zahartasuna duen langileak beste enpresa batera joateko eskubidea izango du; bere lanpostua berriz ere atzemateko segurtasuna izango du ondoren ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.