Lan merkatua

Malgutasun neurri gehiago sartuko dituzte lan erreforman

Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak esan du erreforma dela "Espaniari buruzko pertzepzioa" aldatzen lagundu duen zutabetako bat, eta horretan sakonduko dutela aurki.

xabier martin
2013ko azaroaren 30a
15:43
Entzun

Espainiako Ekonomia ministroaren logika ariketa deigarria da: 2012ko uztailean indarrean sartutako lan erreforma "zutabe bat" izan da Espainiako ekonomiari buruz gaur egun dagoen pertzepzioa egon dadin. Alegia, Espainiaren makroekonomiaren hainbat aldagai hobetzeko lagungarria izan dela. Baina langabazia kopurua "onartezina" izaten jarraitzen duenez, betiere ministroaren esanetan, lan erreforman sakontzea komeni da.

Beraz, jadanik zalantza gutxi geratzen da lan erreforma berri bat badatorrela, eta malgutasun neurri gehiago ekarriko dituela. Indarrean dagoenak, indarrean egon den epean langabezia jaitsi ez, baina nabarmen igoarazi duela ez da aintzat hartu behar den datu bat, PPko gobernuaren ustez. Orain arte langabeziak gora egin du, baina Fatima Bañezen ustez, gehiago igoko zen erreforma egin izan ez balitz.

Hala, aurrerantzean malgutasun gehiago etorriko da erreforma berri batekin batera. Kontratu partzialak aipatu ditu De Guindosek malgutasunarekin lotuta, mini jobs-en izaera gogorarazten duen azaleko azalpenean. Gainera, negoziazio kolektiboa ukituko dute berriro. Erreformak erabat ahuldu du negozazio kolektiboa, enpresa mailako negoziazioa lehenetsita. Haatik, enpresa guztietan langileek hitzarmenak negoziatzeko tresnarik eta indarrik ez dutela garbi geratu da uztailaren 7tik gaur arte.

Erreformaren arabera iraungitako itunak dagoeneko ez daude indarrean haien ultraaktibitatea agortu delako araua indarrean sartu eta urtebetera. Epaitegiek bestelako irizpidea azaldu dute hainbat kasutan; esaterako, aste honetan bertan Bizkaiko metalgintzan 2003ko hitzarmena indarrean dagoela ebatzi du, ultraaktibitatea hitzarmenean jasota dagoela argudiatuz. Nolanahi ere, askoz gehiago dira itunik gabe geratu direnak itun berriak behar bezalako baldintzetan negoziatzea lortu duten euskal langileak baino. Orain, berriz, "bigarren belaunaldiko neurriak" iragarri ditu De Guindosek negoziazio kolektiboari dagokionez.

Lan erreforma berriaren hirugarren zutabea lan kontratu motak izango dira. Orain arteko aukera zabala erabat murriztuko da, eta lau bat kontratu desberdin geratuko dira gehienez, udazkenean Fatima Bañez Lan ministroak azaldu zuen moduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.