Nafarroako Gamesa enpresako CCOO, ELA eta UGT sindikatuek deituta, igandean kaleratzeen aurkako manifestazio bat egingo dute Iruñean, eta astelehenerako eta astearterako greba deialdia egin dute. Gamesak Nafarroako lantokiko 283 lagun kaleratzeko asmoa du.
Gamesak duela aste batzuk eman zuen bere planen berri, eta Patxi Pierola CCOOko ordezkariak esan du azken hiru asteetan behintzat ez dela berritasunik izan alde horretatik. Pierolaren arabera, Espainiako Estatuan aurreikusi baino 150 kaleratze gutxiago egingo dituela aipatu die enpresak, baina horren ordez langileek eskubide gehiago galduko dituztela.
Hori saihesteko asmoz, sindikatuek Gamesari beste neurri batzuk har ditzala eskatu diote: borondateko lanuzteak sustatzeko edota administrazio kontseiluko kideen dietak jaisteko.
368 langile kaleratu nahi ditu Euskal Herrian; 283 Nafarroan eta beste 85 Zamudioko lantokian. 2014ra bitarte 1.800 langile botako ditu mundu osoan.
Iruñeko etziko manifestazioa hamabietan hasiko da, autobusen geltokitik.