pentsioak

Manifestazio bateratu batera deitu dute Hegoaldeko pentsiodunek urriaren 1ean Bilbon

Euren aldarrikapenak bultzatu nahi dituzte pentsiodunek Adineko Pertsonen Naziarteko Egunean.

Pentsiodunen protesta bat gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
2018ko irailaren 17a
07:44
Entzun

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodunen hainbat elkartek manifestazio bateratu batera deitu dute gaur. Urriaren 1ean, astelehena, Bilbon egitera deitu dute eta gaur azaldu dutenez, "erantzun jendetsua" izatea espero dute. Urriaren 1ean Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta egun hori baliatuz hainbat gauza salatu nahi dituzte, besteak beste, argindarraren prezioaren igoera.

Zortzi hilabete daramatzate pentsiodunak Bilboko udaletxe aurrean astelehenero biltzen. Gaur ere ez dute hutsik egin, beste leku batzuetan egin duten bezala. Bizkaiko Pentsiodunak Martxan elkarteko ordezkari Jon Fanok azaldu du iaztik %11 igo dela argindarraren faktura eta hamar urteetan %50 igo dela. Horrek igoera horiei aurre egin ezin dioten etxeei egiten dien kaltea azpimarratu du Fanok, eta gobernuei eskatu die argindar enpresei presioa egiteko: "Argindarra ordaindu ezin duten familiak daude, eta argindar enpresak 20.000 milioi eurorekin laguntzen dituzten bitartean, familiek %21eko BEZa ordaintzen dute eta argindar enpresak euren irabazien %6 soilik".

Fanok, gainera, nabarmendu du aurreko astean akordiorik ez zutela lortu Espainian pentsioen inguruan, eta euren aldarrikapenak mahai gainean jarri ere ez zituztela egin. Pentsioak urtero KPIaren pare igotzea eskatzen dute pentsiodunek. Eusko Jaurlaritzak borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak (BGAE) bultzatzea ere kritikatu dute gaurko agerraldian, "hori ez delako ezta gutxiago ere pentsioen arazoa konpontzeko irtenbide bat": "Gobernuen eginbeharra pentsio sistema publiko bat bultzatea da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.