LAN KODEAREN ERREFORMA

Manifestazio jendetsua egin dute Baionan lan kodearen erreformaren aurka

Sindikatu ugarik deituta egin dute martxa, eta, besteak beste, klima aldaketaren eta austeritate neurrien aurkako mezuak zabaldu dituzte. Medef patronala pozik azaldu da orain arte zabaldutakoarekin, eta sindikatuak eta PSko sektore ezkertiarra, berriz, haserre, kaleratze kalte-ordainak txikitzea eta kaleratzeak erraztea ekarriko duelako.

Manifestazioa Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA
2016ko martxoaren 9a
07:13
Entzun

Ostegunean zuen lan kodearen erreforma Ministroen Kontseiluan aurkeztutakoa Myriam El Khomri Lan ministroak, baina bi astez gibeleratu dute, negoziazioetarako denbora emateko. Astelehen goizean hasi ziren aurrez aurreko bilerak; Vallsek Matignon jauregian dituen bulegoetatik igaro ziren Frantziako sindikatu nagusienetako ordezkariak. Haietako batzuek bilera aurretik zuten erantzuna prest: ezezko borobil bat. "Nik ez dut dilista plater bat negoziatzen; afari osoa nahi dut", azaldu zuen Jean Claude Mailly FOko idazkari nagusiak. Haren ildotik mintzatu zen Phillippe Martinez CGTko burua ere; Frantziako sindikatuen artean handienaren arabera, erreforma osorik bertan behera utzi behar du gobernuak, eta langileei babes handiagoa emango liekeen kode bat onartu.

Sindikatuak haserrarazi ditu lan kodearen erreformak, eta protesta eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian. Horren seinalde da Hendaiako tren geltokia; zeharo etenda dago, eta Pariserako lehena 17:45ean aterako da. Akizera lehen zerbitzua, berriz, 13:00etan irten da, autobusez. Gaurkoa ez da mobilizazio egun bakarra izango; martxoaren 31rako zazpi sindikatuk deitu dute protestara.

Deitzaileen artean da LAB, uste baitu ez dela sindikatuen egitekoa "gobernuarekin idaztea abantaila sozialen suntsiketa operazio txarrena", baizik eta "indar harreman bat sortzea da, klase borrokarena, lege proiektu hori behin eta betiko bertan behera uzteko".

Bizi taldeak ere deitu du protestara, "aldi berean antisoziala eta antiekologikoa" iruditzen baitzaio lege proiektua. "Sekula baino gehiago nagusien alde doan indar harremana" areagotuko da, "langileei lan kodeari esker segurtatuak ziren gerizak hautsiko baitzaizkie". Bizik uste du langabe kopurua emendatuko dela, kaleratzeak "errazago eta merkeago" izango direlako, eta 35 orenen lan astearen salbuespenak zabalduko direlako.

EH Baik ere bat egin du, "lanpostu gehiago sortzeko asmoaren atzean, langileen eskubideen urraketa eta langile estatusaren prekarizazioa daudelako". Legegaiari buruz duten iritzia plazaratzeko galdegin die PSk Ipar Euskal Herrian dituen parlamentariei, hala nola Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle diputatuei, eta Frederique Espagnac senatariari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.