Biharko manifestazioa ez da Mayou zubitik pasatuko. Sindikatuek beren ohiko ibilbidea aldatu behar izanen dute, Baionako Herriko Etxe pareko zubiaren egoera dela eta. «Urtarrilaren 29ko manifestazioan 14.000 ginen, eta Mayou zubiak ez zuen atxiki», erran du umorez Alain Duzert CGTko Baionako idazkari nagusiak. Geroago izandako uholdeen ondorioz dago zubia itxita. «Espero dugu Genie zubiak atxikiko duela».Manifestazioa Sainte Ursule plazatik abiatuko da, 10:00etan, eta San Andres plazatik barna, San Leon bidegurutzera eta handik Herriko Etxera joanen da. Urtarrilekoa bezain manifestazio jendetsua nahi dute CGT, CFDT, CFE-CGC, CFTC, FO, UNSA, FSU eta Solidaires sindikatuek.
Urtarrilaren 29tik landa Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak «zenbait neurri» iragarri zituela aitortu du Duzertek. Neurri horietatik batzuk ez direla gutxiestekoak badio ere, «ez dira behar ditugun heinekoak». Duzerten ustez, «lan mundua ahantzia izan da». Aldiz, enpresaburuei «opariak» egin dizkie Sarkozyk, sindikatuen arabera.
Sindikatuek soldaten, erretreten, pentsioen eta gutxiengo errenten igotzea aldarrikatzen dute. Halaber, kalitateko zerbitzu publikoak garatzea nahi dute, beste hainbat neurriren artetik. Krisiari aurre egiteko, soldatak eta erretretak Europa osoan igo behar direla dio Françoise Loustau-Lasplaces FOko kideak. Baina Europako agintariak ez direla mahai baten inguruan biltzen deitoratu du.
Krisia zaharra
«Frantziako Presidenteak ez ditu kontuan hartu nahi gure gizartearen funtsezko arazoak», gehitu du Loustau-Lasplacesek. FOko sindikalistaren hitzetan, oraingo krisiaren erroak ez dira finantza krisian soilik. «Badu urteak eta urteak desoreka sozialak areagotu direla. Langileak pobretzen ari dira, eta produktu toxikoek krisi hori larritu baizik ez dute egin».
Greba egunak ukanen duen jarraipenaren arabera erabakiko dute gero zer egin. Etzi bertan bilduko dira sindikatuak, mobilizazioei zer segida eman erabakitzeko. Horren arabera greba egun gehiago eta denbora tarte murritzagoan egitea aztertzea ez du baztertu Alain Duzertek. Hala ere, greba orokor eta luze baten zailtasunak komentatu ditu. «Langile anitzentzat indar handia da lau edo bost oreneko greba egitea, beraz, langileek diotena entzun behar dugu». Sindikatuek ez dute greba luzerik inposatzeko asmorik.
Duzertek ez du baztertu egoera horretara heltzea, dena den. «Greba orokorra ez da berezko helburua. Baina bideak hara eraman gaitzake». Hots, greba jendetsua baldin bada, Frantziako Gobernuak ez badu ezer ematen eta egoerahorrek langileak berotzen baditu, etorkizunean greba gogorragoak gertatzea litekeena dela dio Duzertek. «Ahal bezain iraunkorra eta masiboa izan behar du».
Manifestazio jendetsua espero dute bihar sindikatuek
Urtarrilaren 29ko greban bezainbat lagun biltzea garrantzitsua dela erran dute zortzi sindikatuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu