Manifestazioa egin dute Baionan, krisi sozial eta ekonomikoari aurre egitea xede

500 pertsona bildu dira CGT sindikatuak deitutako greba eta mobilizazio egunera. LABek eta EH Baik ere babestu dute deialdia.

CGTk antolatutako manifestazioa, artxiboan. AURORE LUCAS
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko irailaren 17a
12:11
Entzun

Goizean egin dute manifestazioa CGT sindikatuak deituta, Baionan. Greba eta mobilizazio eguna antolatu du sindikatuak, eta LABen eta EH Bairen sostengua ere izan dute. Pandemiak eragindako krisi sozial eta ekonomikoa ezarri dute jomugan, eta 500 pertsona inguru batu dira deialdira.

«Erretreta, lansari, lan baldintza hobeen eta zerbitzu publikoaren alde» zioen manifestazio buruko pankartak. Deialdi orokorra izan da gaurkoa: 32 orduko lanaldia ezartzea, gutxieneko saria 1.800 eurora igotzea eta erretreten erreforma bertan behera uztea eskatu dute, besteak beste.

Krisi sozial eta ekonomikoak anitz hunkitu dituen sektoreak ordezkatuak izan dira manifestazioan, hala nola osasungintzakoak eta aeronautikakoak. Marie Pierre Etxebarne Baionako ospitaleko langilea eta CGTko idazkaria da: «Pandemia garaian heroiak ginela erran digu Frantziako Gobernuak, baina aldi berean gure lan baldintzak okertzen segitzen du. COVID saria bidegabea da: ez dute ospitaleko langile guziek ukan; alta, denak gara beharrezkoak», salatu du.

Eñaut Aramendi LAB sindikatuko bozeramaileak «langileak beren baitarik antolatzeko» garaia dela erran du. «Datorren krisiaren aurrean enpresa txiki, ertain eta handietan antolatu behar dute langileek. Sindikatuak hor egongo gara bidea egiteko. Erasora pasatu behar dugu beste sindikatuekin batera, eta lana eramaten ari gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.