Krisiak bereziki gogor jo duen industria sektorea da hegazkingintzarena, eta alorreko langileei gainera etorri zaie kaleratzeen mehatxua. Mobilizazioekin hasi dute erantzuna. Gaur, ITP Aerokoek manifestazio bat egin dute Bilbon, Alestisekoek beste bat Gasteizen.
ITP Aerok lau lantegi ditu Bizkaian, eta konpainiak lantaldearen %15 kaleratzeko asmoa azaldu du. Bizkaian enpleguak defenditzeko eta beren etorkizuna erabakitzeko negoziazio mahai bat egon dadin eskatzeko, ehunka beharginek manifestazioa egin dute gaur, ELAk deituta, UGTren babesarekin. Ez da mobilizazio bakarra izango. ELAk grebara deitu ditu langileak iraileko lau egun soltetan. Lehen lanuztea irailaren 15ean izango da, eta hurrengoak, hilaren 17an, 22an eta 24an.
Alestis taldeak Gasteizen duen lantegian, berriz, 87 langile kaleratu nahi dituzte, krisia dela eta. Enplegu horiei eutsi behar zaiela adierazi du langileen batzordeak, eta eskatu du bestelako neurriak aztertzeko, sektorea atzera suspertzen den bitartean lanpostu horiek ez suntsitzeko. Euren lanpostuen defentsan, Alestiseko langileek manifestazio bat egin dute Gasteizen, eta beste hainbat mobilizaziotarako agenda dute.