Manifestazioak izango dira bihar, grebaren aurretik motorrak berotzeko

Irailaren 26rako egindako greba deialdiak nazioarteko hainbat sindikaturen babesa jaso du

Grebara deitu duten eragileen agerraldia, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARP.
Erredakzioa
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren azken murrizketen aurka deitutako greba orokorrerako ez da astebete ere falta. Sindikatu eta eragile sozialak azken ahaleginak egiten ari dira herritarrei kalera irteteko eskatzeko. Ahalegin horretan, bihar manifestazioak antolatu dituzte Donostian (Bulebarra, 17:30), Bilbon (Jesusen Bihotza, 17:30) eta Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plaza, 19:00).

ELA, LAB, EILAS eta ESK sindikatuetako ordezkariek atzo Donostian egindako agerraldian, salatu zuten gobernuaren asmoa oinarrizko zerbitzu publikoak suntsitzea, beste batzuk pribatizatzea, eta giza eskubideak murriztea dela. Haien arabera, Raxoiren gobernua da neurri horien bultzatzaile nagusia, baina Hego Euskal Herriko gobernuei begira ere jarri dira. «Nafarroako Gobernua Madrilgo esanak zuzen-zuzen betetzen ari da; Eusko Jaurlaritza, berriz, bere bide orriarekin ari da, baina bide beretik», adierazi du Camino Saiz EILASeko kideak.

Nazioartetik atxikimendu ugari jaso ditu azken egunetan asteazkeneko greba deialdiak.Hain zuzen, Europa, Amerika, Asia eta Afrikako 50 bat sindikatuk eman diote babesa deialdiari. Horien artean dira Munduko Sindikatuen Federazioa (FMS), metalgintzako eta meatzaritzako sindikatuen batasuna, eta eraikuntzaren eta egurraren sektoreko sindikatuen batasuna.

Bien bitartean, Nafarroan ere greba aurreko giroa berotzen dihardute. Bihar helduko da Iruñera astelehenean han bertan hasi zuten martxa. Iruñerriko hainbat herritatik igaro ondoren, Berriozarren izango dira gaur, eta bihar, Antsoainen, Iruñera iritsi aurretik.

Asteazkeneko greba deialdiarekin bat egin ez arren, CCOOk eta UGTk, beste hainbat sindikaturekin batera, mobilizazioak iragarri dituzte «zerbitzu publikoen alde eta murrizketen aurka». Irailaren 28rako —astebete barru—, «giza kate bat» antolatu dute Bilbon, 11:00etan. Kate horren bitartez, hainbat administrazio publikoren egoitzak batuko dituzte. Deialdia egin duten sindikatuen artean daude SATSE, LSB-USO, ERNE, SAE, CSIF, FFHE eta UTESE.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.