Bezperan, ondasun iraunkorren Europako eskariak uste baino gutxiago gora egiteak, salmentak eta beherakadak eragin zituen gure indizeetan. Bada, atzo, AEBetako adierazle hori maiatzean %1,8 hazi zela jakin zen; apirilean beste, eta espero zen beherakadaren kontrako zentzuan. Hondartzan oihalak nola, hala hedatu zen poza akzio azokan, eta erosleak nabarmendu ziren. Medusarena egiten duten datuak ere ez dira falta, ordea: Espainiako BPGa %4,2 jaitsiko dela dioena edo etxebizitzen prezioa aurten bertan %20 jaistea espero duena. Mareari begira bezala gaude, beraz: orain gora, orain behera. Ezustean bezala uda heldu eta 9.700 puntuei begira dago kasik Ibex-35, 9.000ko amildegiari bainoago. Lehen seihilekoa amaitzeko astebete eskas falta den honetan, mozkinen aurkako tsunamirik ez da espero, baina marea erabat bare egotea ere ez. EBZk Eurogunean sartu duen likidezia ez da itsasora doan tantan soila. Flotagailuak prest, beraz, inflazioa datorrenerako.
EBZ. Europako Banku Zentralak ezohiko enkante bidez 442.000 milioi mailegatu dizkie, urtebeterako eta %1eko tasan, berme onargarriak eman dizkioten milatik gora finantza erakunderi. Banku eta kutxei finantzaketa hori eskuratzeak euren likidezia estutasunak arindu, emaitzak sendotu eta mailegu gehiago emateko aukera eskainiko die. Ohikoan astebeterako egiten diren enkanteon epea luzatu egin du EBZk krisia hasi zenetik, epe laburreko hartzekodun handien mesfidantza eta bankuei eskatutako gainsariak handitu egin direlako krisia lehertu zenetik.
Mareari begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu