Bruselak energia politika bateratu bat lantzen hasteko garaia duela uste du Mario Marzok (Carmona, Sevilla, 1951), Bartzelonako Unibertsitateko Energia Baliabideetako katedradunak. Baina ziur dago Ukrainako krisiak ez duela horrelakorik eragingo. "Interes ekonomiko gehiegi daude tartean. Bruselak agerraraziko du zerbait, jarrera diplomatikoen bidez. Baina, ez dut uste EBk ezer konponduko duenik. Estatu bakoitzak topatu beharko du bere konponbidea, orain arte bezala".
Zergatik du hain energia arazo larria Europak?
Hiru erronkari aurre egiteko lanean ari da Brusela: hornidura segurtasunari, lehiakortasun ekonomikoari eta klima aldaketari. Baina errealitateak beste gauza bat dio, estatu bakoitza bere bidea egiten ari dela. Ez dago energia politika bateratu bat, estatu bakoitzaren eskumena delako. Eta energia lehentasun funtsezkoa dela edozein estatu seriorentzat. Errealitate gordinak dio enpresen lehiakortasuna eta herritarren erosteko ahalmena herrialdearen segurtasun energetikoaren araberakoa izango dela.
EB nahiko salduta dago energia arloan.
Elkarren artean lehiatzen ari gara EBn. Enpresen lehiakortasunari dagokionez, oso gaizki gaude Asiarekin konparatuta, lan kostu oso txikiak dituztelako, eta baita AEBekin ere, energia kostu oso txikiak dituztelako.
EBren energia kostua baino zenbat txikiagoa da AEBetakoa?
Gure kostuen erdia daukate gasean eta elektrizitatean. Kostuez gain, EB oso salduta dago kanpoko hornidurekiko dugun menpekotasunagatik. Gainera, menpekotasun hori hazi egingo da: %80 edo %85 ingurura arte gas eta petrolio inportazioei dagokienez. Estatu batzuk konpontzen dira euren neurrirako gasbideak eraikiz. Errusiatik zuzenean Alemaniara doan NordStream gasbidearekin, adibidez. Baina gainontzeko estatuak zer? Ahal duenak ahal duena.
Arazo nagusia EBk energia politika bateratu bat ez izatea da?
Horixe da arazoaren muina. Berriro diot: ez bazara zure kideetaz fidatzen eta ez baduzu energia politika bateratu bat, eskuak eta hankak lotuta geratuko zara. Ez dago inora joaterik energia politika sendo eta serio bat izan barik.
Baina EB osoa ez dago Errusiako gasaren menpe. Espainiak, kasu, ez du haren inolako menpekotasunik.
Halaxe da. Gainera, gasaren arloan politika ona egin du Madrilek. Lehen Aljeriarekiko menpekotasun handiegia zuen, baina orain gas natural likidoaren (GNL) terminalekin 12 herrialde ezberdinetatik jasotzen du gasa.
Batez ere Afrika iparraldeko herrialdeetatik iristen da gas hori?
Ez bakarrik. Norvegiatik, Qatarretik, Trinidad eta Tobagotik... itsasontziz edonondik ekar daiteke GNLa. Dena den, interesgarria litzateke Espainiak Afrika iparraldetik jasotzen duen GNLa Europara bidaltzea Errusiarekin arazoak daudenean, baina ez dago konexio egokirik. Euskal Herrikoa egina dago, baina Kataluniakoa ez. EBri hornidura hegoaldetik dibertsifikatzeko balioko lioke, baina Gaz de Francek ez du nahi izan. Azken batean, EBko kideen arteko arazoak dira.
Estatuen arteko mesfidantza?
Mesfidantza baino gehiago, lehia. EBn kideekin lehiatzeko politika ekonomikoak dituzte estatuek: nik argindar merkeagoa badaukat, ez didazu lehia handirik egingo ekonomikoki.
EBk Errusiarekiko duen menpekotasuna hausteko aukeratzat jo dute askok AEBei GNLa erostea.
AEBek hain serio hartzen dute energia politika, debekatuta dute gasa esportatzea. Ez dago argi esportazioak onartuko dituztenik, gasa herrialdea berrindustrializatzeko erabiltzen ari direlako, baina baliteke gasa sobera izatea eta esportatzea. Kasu horretan, ikusteko dago zein merkatu interesatuko zaien gehiago, asiarra ala europarra. Asiak garestiago ordainduko baitie. Nolanahi ere, aukera hori epe ertain edo luzerako litzateke. Baina Europak ez luke menpekotasun batetik beste batera pasatu behar, AEBak oso lagunak baditu ere. Ez du Errusiaren besoetatik AEBen altzora salto egin behar. Funtsean, lehiakide ekonomikoak baitira EB eta AEBak ere.
Zer egin behar du orduan EBk?
Energia politika bateratu bat landu eta askoz errealistagoa izan. Porrot egin duten proiektu handien zerrenda amaiezina da.
Zeintzuk dira kanpoko menpekotasunak hausteko aukerak?
Lehenengoa, eraginkortasuna eta aurreztea hobetzea, tarte handia dago horretarako. Horrekin batera, bertoko baliabideak ustiatu behar genituzke. Batetik, energia berriztagarri lehiakorrak, diru laguntza publikorik bakoak. Bigarrenik, energia nuklearrarekin zer egin pentsatu behar da.
Alemaniak jada desaktibatu du energia nuklearra.
Alemania iruzurti handi bat da. Bere energia iturri nagusia ikatza da. Iraultza berdea saltzen du, eta energia berriztagarrien ehunekoa handitzen ari da, baina bere oinarria ikatza da. Energia nuklearrarekin zer egin erabaki beharko da EBn. Hidrokarburoen ustiaketak ere aztertu behar dira; tartean, fracking-a. EBk oraindik ezagutzen ez dituen baliabide asko ditu, baina arazoa da ez daukala aztertzen eta ustiatzen hasteko lizentzia sozialik.
Zer egin orduan?
Zerbait egin beharko du Bruselak. Ez du logikarik eta etikaren kontrakoa da AEBei fracking bidez lortutako gasa saltzeko eskatzea etxean fracking-a egiten lagatzen ez duzunean. Kontraesan sakona da. Not in my back yard [Nire etxeko patioan ez] beldurgarria da. Ez zaude zerbaiten kontra printzipioengatik, zure patioan egingo delako baizik.
Europako Batasunak energia ustiapen horien arriskuak hartzearen aldekoa zara?
Ez du zentzurik hori ez egiteak, kanpoan energia ustiapen mota horiek erabiliz lortutako energia erosteko prest bagaude. Elektoralismo merkeak baino ez du hori justifikatzen, ez du funts etikorik ez ekonomikorik. Besterik planteatu barik horretaz aprobetxatzen diren talde ekologistak ere multinazional handien erantzukizun sozial gabezia berean erortzen ari dira. Engainu bat da.
Zelan eragingo lioke Errusiari EBko merkatua galtzeak?
Moskuk ez ditu EBko bezeroak galdu nahi. Errusiako BPGaren %20 gas salmenta horiek sortzen dute. Asiako merkatura zabaltzen hasi da, eta Txinarekin itun bat sinatu du, baina urteak beharko ditu hori gauzatzeko.
Norvegiatik eta Afrika iparraldetik gas gehiago jaso dezake EBk?
Norvegiatik gehiago lortzea zaila da, eta Afrika iparraldetik zailagoa. Udaberri Arabiarretik EBra esportatutako gas kopurua 71.600 milioi metro kubotik 48.500 milioira jausi da.
Zer aldatu behar da EBko energia merkatuan?
Eraginkorra izan behar du. Ezin da izan estatu batzuetan konpainiak estatuarenak izatea (Frantzian) eta besteetan merkatua guztiz liberalizatuta egotea. Merkatuak askoz eraginkorragoa, lotuagoa eta irekiagoa izan behar du. Baina badago beste gauza bat, Bruselan eztabaidatzen ari direna. EB klima aldaketaren kontrako aitzindaria izan daiteke, baina hori ezin da egin norbere energia horniduraren eta ekonomiaren kaltetan.
Zer proposatzen duzu, klima aldaketaren kontrako borroka baztertzea?
Ez, oreka bat bilatzea klima aldaketaren kontrako borrokaren, lehiakortasun ekonomikoaren eta hornidura segurtasunaren artean. EBk munduko igorpenen %12 ditu, eta distantzia luzeko korrikalariaren bakardadean geratu da. Burua atzera bueltatu, eta ikusten du ez diola inork segitzen. Ez AEBek, ez Txinak. Ez badu lortzen kutsadura igorle nagusiek itun berbera sinatzerik, bere egoera ekonomikoa kaltetzen ari da, besteak lehiakortasun abantailak dituztelako.