Lehenengo aldiz hartuko du Eurotaldeko presidentzia euroguneko hegoaldeko ekonomia bateko finantza ministro batek. Ez da badaezpadako datua, batez ere gogoan hartuz gero zer nolako adierazpenak egin izan dituen hegoaldeko herrialdeen kontra bost urtez eurotaldeko buru izan den Jeroen Dijsselbloemek. "Ezin duzu zure diru guztia edaritan eta emakumetan gastatu, eta gero laguntza eskatu", bota zuen Herbehereetako lehen ministroak.
Dijsselbloemen tokia betetzeko aukeratu dute gaur finantza ministro gehienek Portugalgo ministroa, Mario Centeno sozialista. Bozketan, atzean geratu dira beste hiru hautagaiak: Pierre Gramegna ministro luxenburgotarra, Peter Kazimir ministro eslovakiarra, eta Dana Reizniece-Ozola ministro letoniarra.
Centenok urtarrilean hartuko du Eurotaleko presidente kargua. Zentro-ezkerreko ministroak datorren larunbatean beteko ditu 51 urte, eta ekonomista da, Harvard Unibertsitatean ikasia. Portugalgo Gobernu sozialistako Finantza ministroa da, eta exekutiboak Ezkerreko Blokearen eta komunisten babesa jasotzen du parlamentuan. 2015eko azaroan sortu zuten gobernua Alderdi Sozialistak, eta harrezkero Finantza ministerioan egon da Centeno: bi urtean, hazkunde ekonomikoa BPG barne produktu gordinaren %1,5ekoa izatetik %4,4koa izatera pasa da. 2015etik gaur arte, ostera, defizita ia erdira jaitsi du, BPGaren %2,6tik %1,4ra. Bidean gerrikoa dezente estutu du, inbertsio publikoa ia heren bat txikituz.Â