Iralak apirilaren 23an iragarri zuen uztailaren amaieran kargua utziko duela, osasun arrazoiengatik; izan ere, 2007ko martxoan garuneko infartu bat izan zuen). Iragarpenaren ostean, hautagaiei buruzko zurrumurruak hasi ziren, baina azkenean Iralak ez du aukeratu ez BBKren egiturako inor (Juan Asua zuzendari nagusia edo Ignacio Sanchez-Asiain idazkari nagusia), ez Eusko Jaurlaritza utzi berri duten goi karguetako inor.
Aukeratua Mario Fernandez da, finantza erakundeetan, merkataritza zuzenbidean eta politikan eskarmentu handia duen pertsona. Hala ere, aurrena uztailean BBK-ko Batzar Nagusiak eta gero Administrazio Kontseiluak eman beharko diote onespena.
Fernandezek harreman profesional estua izan du finantza erakundeekin eta enpresekin, BBVArekin batez ere, bai bankuaren bat-egitean, bai ondoren. BBVAko Lege Gaietarako zuzendari nagusia eta BBVA Taldeko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan zen 1997tik aurrera. Horrez gain, bere abokatu bulegoak BBVAri aholkularitza eskaini zion Latinoamerikan bankuak eta pentsio funtsak kudeatzen dituzten erakundeak erosteko.
Iberdrolaren defentsa lanean parte hartu zuen, EDFk argindar konpainia eskuratzeko asmoen auzian. Eta Athleticen estatutuak aldatzeko batzordeko kidea da, zuzendaritzak izendatuta.
Fernandezek ibilbide politiko oparoa izan du: 1980tik 1984ra Jaurlaritzako Lan sailburua izan zen, Carlos Garaikoetxearen lehen gobernuan; lehendakariorde izendatu zuen bigarren legegintzaldian, baina EAJren zatiketaren ostean, politika utzi zuen.
EAren hautagai Bilbon
1987an berriro itzuli zen. EAren hautagaia izan zen Bilboko alkatetzarako, baina ez zuen lortu. Zinegotzi izan zen aurrena, Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkide gero.
Politika utzi zuen, baina Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan parte hartu du aurten, EAJ eta Juan Jose Ibarretxe babesteko: Hemen Ibarretxe plataformaren bozeramaile lanak egin zituen ekitaldi publiko batean. Pertsona ezagunez osatutako plataforma zen, eta Xabier Iralak ere parte hartu zuen.
Kutxa sendoa jasoko du Mario Fernandezek, iazko «emaitza historikoen» ondoren. BBK-k 339 milioi euro irabazi zituen, 2007an baino %10 gehiago. Kaudimena %21,5ekoa du, errentagarritasuna %40koa eta berankortasun tasa %2,19koa. Aurtengo lehen hiruhilekoan 60,6 milioi euro irabazi ditu, iaz baino %5,4 gehiago.
Hala ere, BBK-k ere nabaritu ditu krisiaren ondorioak eta, gainerako finantza erakundeen moduan, neurriak hartzen ari da. 18 bulego itxiko ditu: 15 Espainian eta hiru Herrialde Katalanetan.
Krisiaz gain, Mario Fernandezek beste erronka nagusi bat izango du mahai gainean: kutxen bat-egitea. Xabier Iralak bat-egitea lortu gabe utzi baitu kargua.
Biografia
Jaioterria: Bilbo, 1943.Ikasketak: Zuzenbidean eta Ekonomia Zientzietan lizentziatua, Deustuko Unibertsitatean.
LANA
Zuzenbidea: abokatu lanetan aritu da lizentziatu zenetik, aurrena bere bulegoan, 2002tik aurrera Uria Menendez bulegoan, bazkide gisa.
Irakaskuntza: Merkataritza Zuzenbideko irakaslea, 1966tik, Deustuko Unibertsitatean.
BBVA: Lege Gaietarako zuzendari nagusia eta Zuzendaritza Batzordeko kidea izan zen.
POLITIKA
EAJ: Eusko JaurlaritzakoLan sailburua (1980-1984) eta Jaurlaritzako lehendakariordea (1984-1985).
EA: Zinegotzi Bilbon eta batzarkide Bizkaiko Batzar Nagusietan.