Nahiz eta EAJk eta PPk Kutxabank banku berriko Administrazio Kontseilutik kanpo utzi dituzten Bildu eta PSE-EE, Mario Fernandez bankuko presidenteak ez du uste kontseilua behin-behinekoa denik. "Administrazio Kontseilu hau ez da behin-behinekoa. Lau urterako dago", esan du. Astelehenean egin zuten aurreneko bilera.
Fernandezek, orobat, esan du "ahal den ahaleginik handiena" egingo duela BBK (Bizkaia), Kutxa (Gipuzkoa) eta Vital Kutxa (Araba) aurrezki kutxen bat-egitea ahalbidetu zuen "adostasuna berreskuratzeko". "Proiektua zertan datzan oso ondo azaltzen badugu, gauzak bidera ditzakegu pixka bat".
Kutxabankeko buruak adierazi duenez, aurrezki kutxetako presidenteek ez dute Administrazio Kontseiluaren osaerari buruzko negoziazioetan parte hartu eta, ondorioz, orain polemika sortu bada, argitu du hori ez dutela eurek sortu.