Mario Fernandez Kutxabank-eko Administrazio Kontseiluko presidenteak iragarri du "izugarrizko atzeraldia" gertatuko dela hurrengo bizpahiru urtean, baldin eta erakunde publikoek "murrizketa basatiekin" baino ez badute jarraitzen.
Politika ekonomikoa soilik murrizketetan oinarritzen al den galdetu du, eta hori hala bada, herrialdeetako barne produktu gordinak atzera egingo dutela uste du, langabezia hazi egingo dela eta gobernuek aurrekontuak "horrelako gauzetara" bideratuko dituztela, "eta ez jarduera ekonomikoa sustatzera".
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak finantza sistema kritikatu izana ez zaio gustatu Fernandezi, eta esan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrezki kutxek laguntza moduan sosik ez dutela jaso. "Finantza erakunde bat modu irregularrean aritu bada, esan dezatela zein den, sistemaz orokorrean hitz egin beharrean".