Marokok eta EBk beste urtebetez luzatu dute arrantza hitzarmena

EBko 119 itsasontziri Mendebaldeko Sahararen uretan arrantzatzeko baimena ematen die akordioak

Erredakzioa
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Europako Batasunak eta Marokok beste urtebetez luzatu dute arrantza arloko hitzarmena, aldaketa bakarrarekin. Aurrerantzean, akordio horri esker jasotzen duen dirua zertara bideratzen duen jakinarazi beharko dio Marokok EBri. Aziz Akhneouch Marokoko Nekazaritza eta Arrantza ministroak eta Marek Sawiki Poloniakoak sinatu dute akordioa. EBko herrialdeentzat arrantza arloko hitzarmenik garrantzitsuena da Marokorekin dutena.

Akordioak ez du iraungitze datarik. EBko itsasontzien arrantzarako baimenak eta Marokorentzat konpentsazioak arautzen dituen protokoloa, ordea, lau urterako izan ohi da, eta otsailaren 27an bukatu zen; horregatik berritu dute orain. Akordioari esker, EBko 119 itsasontzik Marokoko uretan arrantzatu ahal izango dute, eta, trukean, 36,1 milioi euro jasoko ditu Marokok. Itsasontzi horietako gehienek, ehun inguruk, Espainiako bandera dute; Andaluzian eta Kanariar uharteetan dute basea.

Protokolo berria urtebetez egongo da indarrean, datorren urteko otsailaren 28ra arte. Europako Batasuna izan da denbora gehiagoz luzatu nahi izan ez duena, zalantzak dituelako sahararrei mesede ala kalte egiten dien. Marokoko Gobernuak Bruselara igorritako informazioaren arabera, EBk emandako dirua orain arte ondo etorri zaie sahararrei ere, lurralde hartan enplegua sortzeko ekimenak abian jartzera bideratu duelako.

Sahararrak, itunaren kontra

Fronte Polisarioak eta WSRW Mendebaldeko Sahara Ikerketa Zentroak, aldiz, kontrakoa uste dute. Azken urteetan behin baino gehiagotan egin izan dute EBren eta Marokoren arteko arrantza hitzarmenaren kontra, akordio horrek Mendebaldeko Sahararen uretan arrantzatzeko baimena ematen dielako itsasontzi europarrei eta hori legez kanpokoa delako. EBko estatuek han dituzten ontziak erretira ditzatela eskatzeko kanpaina bat baino gehiago egin izan dituzte azken urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.