Basauriko Edesaren lantegiak martxoan termoen ekoizpenari ekin diezaion, lanean hasi da jada Fagor CNA Group. Egun, langile talde bat ari da bai makinen mantentzean bai erosketen alorrean lanean. "Langileak pixkana ari dira gehitzen lantaldera, eta, aurreikuspenen arabera, Basauriko fabrikak berrogei langilerekin emango dio ekoizpenari hasiera", adierazi dute Fagorreko iturriek.
Basauriko lantegiaren ekoizpena behin-behinekoa izango da, ondoren Fagorrek Gipuzkoan duen beste lantegi batera lekualdatuko baitute.
Maiatz aldera, berriz, garbigailuen ekoizpenari ere ekingo diote Garagartzan, Arrasaten (Gipuzkoa). Gainera, hozkailuen produkzioari ere hasiera emango diote. "Horrek guztiak langile taldea handitzea ekarriko du", adierazi dute.
Enpresa iturrien arabera, aurreikusitako eta ezarritako helburuak betetzen ari dira. Jorge Parlade taldeko Administrazio Kontseiluko presidentea pozik azaldu da: "Fagor Espainiako merkatuko marka liderra izango da aurrerantzean ere".