Lan gatazkak

Materiala atera dute Adunako Unipapeletik

Ekoizpenaren zati bat Logroñora eramatea eragotzi nahi zuten langileak saiatu dira kamioiei bidea ixten, baina ertzainek kanporatu egin dituzte.

Unipapeleko langileak lantegiaren aurrean, protestan. ATARIA.INFO
Reba Calvo - Miren Garate
2014ko otsailaren 3a
18:36
Entzun

Hiru kamioi materialez beteta atera dira arratsaldeko 17:00ak lantegitik eta Ertzaintzak babestuta. Tentsio handiko guneak izan dira. Horrela kontatu ditu Tolosaldeko Atariak. 

Goizeko 10:30ak aldera agertu dira hiru kamioiak Unipapelera. Sindikatutako ordezkariek, ekoizpena Adunatik ateratzeko asmoa ikusita, greba eskubidea urratzen ari direla salatuz salaketa jarri dute goizean lan ikuskaritzan. Arratsaldeko lehen orduan etorri da ebazpena. Langileen ordezkariei arrazoia eman die. Ertzainek, ordea, ez dute agindua betearazi. Enpresako arduradunei erabakiaren berri eman eta bidea libre utzi diete hiru kamioiei. Bidea galarazteko, lantegiko sarreran eserita jarri diren langileen aurka oldartu dira ertzainak eta arrastaka atera ditu bertatik. 

Langileak greba mugagabean daude urtarrilaren 20az geroztik. Gaurko gertaeren ondoren borrokan jarraitzeko konpromisoa agertu dute eta Unipapelen dabiltzan 83 langileak txandak egiten jarraituko dute enpresa atarian. Eskerrak eman dizkiete gaur babesa ematera gerturatu diren senide eta herritarrei. Hiru kamioi sartu dira enpresara, Ertzaintzak lagunduta, eta langile batzordeak langile guztiei dei egin die bertara joan daitezen. Ekoizpena Logroñora (Espainia) aldatu nahi dutelako greban daude langileak; gaur eguerdian bilera zuten egitekoa, baina ez joatea erabaki dute

Springwater Capital Suitzako inbertsio funtsak erosi zuen lantegia urte hasieran, eta aurretik soldatak jaitsi zizkieten bost urterako ezarri zuten industria planaren ondorioz, plantaren salmenta errazteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.