Abeltzaintza

Mauleko eta Angeluko hiltegietako sarrerak oztopatu dituzte hainbat abeltzainek

FDSEA sindikatuak deituta egin dute protesta. Frantziako Gobernuak azken asteetan onartutako laguntzak ez dira "nahikoa" haien ustez. ELBrentzat ere ez, baina ez du bat egin protestekin.

Abeltzainen protesta bat, lehengo ostegunean, Limonesten (Rhone, Frantzia). S.GUIOCHON / EFE
2015eko uztailaren 28a
12:32
Entzun

Azken asteetan bezala, protestak egiten jarraitzen du FDSEA sindikatuak. Oraingoan, Euskal Herrira ere iritsi dira, gainera. Gaur goizean, Mauleko eta Angeluko hiltegietako sarbideak oztopatu dituzte hainbat abeltzainek. Bertara zihoazen kamioiak gerarazi dituzte, barruan zer zeramaten begiratzeko.

Frantziako Gobernuak diruaren poltsa aterata baretu nahi izan zuen abeltzainen haserrea lehengo astean. Baina ez du lortu abeltzainak baretzea. Hain ustez, haragitako behiak edo txerriak hazten dituztenentzat agindutako 600 milioi euro arteko laguntzak ez dira nahikoa.

Besteak beste, laguntzekin kritiko agertu da ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna ere. Ipar Euskal Herriko abeltzainen ordezkari nagusia da ELB. Gobernuaren laguntzak ez gutxietsi arren, sektorearen gaitzak konpontzeko nahikoak ez direla nabarmendu zuen hark ere, ohar baten bidez: "Batzuek denbora gehiago hartzen ahalko dute zorren ordaintzeko, mailegu berriak hartu ahalko dituzte bankuan tesoreria egiteko, gizarte kotizazioen ordainketak luzatzen ahalko dituzte […]. Hots, deus krisitik iraunkorki ateratzeko. Eta zenbait hilabeteren buruan, gehienez urte bat edo biren buruan, egoera errepikatuko da".

Hazleen egoera larria dela onartuta ere, ELB oso kritiko agertu da egun hauetan protestak egiten ari direnekin. Hori dela-eta ez du bat egin mobilizazioekin. "Horiek dira interprofesionaletako arduradunak edo kooperatiben administratzaileak; diskurtso faltsuen gibelean pekoerrekaratzea sustatzen dute, produkzioaren zaintzeko tresnak desagerrarazten dituzte, konpetibitate hiltzailea bultzatzen dute, ondorioa delarik [Frantzian] 400.000 laborari garela gaur egun, milioi bat zirelarik duela hogei urte". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.