Irabazi asmorik gabeko proiektuan, MCCren ekimen pribatua eta Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Arrasateko Udalaren parte-hartze publikoa batu dira. 46,5 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta helburua hamabi urteren buruan gunean funtzionamendu betean aritzea da, 2.000 ikerlari baino gehiagorekin. 450.000 metro koadroko eremuan, 225.000 metro koadro eraikiko dira eta gainerakoa berdegune eta aparkalekuetarako izango da.Espainiako errege-erreginek gunearen lehen harria atzo jarri bazuten ere, proiektuaren lehen fasea abuztuan hasi zen. Lehen 100.000 metro koadroak, sarbide eta gune zentralarenak, urbanizatzen hasiak dira eta elektrizitate, gas, saneamendu eta telekomunikazioko oinarrizko azpiegitura egiten dabiltza. Lehen fase honetan 300 lagun hartuko dituen egoitza unibertsitarioa eta lehen laborategientzako 11.000 metro koadroko beste eraikin bat altxatuko dira. MCCk berrikuntzaren inguruan apustua nabarmendu zuen atzo Jesus Catania Korporazioko presidenteak, gunearen lehen harria jartzeko ekitaldian. MCCko Industrial taldeak bere balio erantsiaren % 5 berrikuntzara zuzentzen duela azaldu zuen. Cataniaren ustez, «bere garaian industrialdeak funtsezko izan ziren Euskadiko industriaren birsorkuntzarako eta, ondoren, parke teknologikoak oso garrantzitsuak izan dira gure enpresen maila teknologikoa hobetzeko. Orain, Garaia gunea inguru gero eta globalizatuan lehiakortasunaren erronkari aurre egiteko tranpolin izatea nahi dugu», esan zuen. MCCko presidentearen aburuz, Garaia ekarpen bikaina da «Espainiako Estatuak eta EAEk Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako baliabideak handitzeko Europako Batasuneko helburuak bete ditzaten, «baita egungo enpleguak babestu eta balio erantsi handiagoko lanpostu gehiago sortzeko ere».Garaia guneko presidente Jose Ignacio Garatek gunearen egitasmoa duela bost urte diseinatzen hasi zirela azaldu zuen. «Berrikuntza zikloen bizkortasunak, prozesuko eragileen arteko unibertsitateak, zentro teknologikoak eta enpresak elkarlan ahalik eta handiena exijitzen du», eta egiteko hori izango du Garaia guneak, «errealitate hautemangarri eta sortzaile bilakatuko diren proiektuak garatzeko».
Bi milioi etxetresna urtean
Espainiako errege-erreginek Fagor Etxetresna Elektrikoetako instalazio berriak ere inauguratu zituzten atzo. Hiru urteko moldaketaren ostean, 68 milioi euroko inbertsioarekin, produkzio ahalmena handitzeko helburua bete du Fagorrek: urtean 2,7 milioi etxetresnaontzigarbigailuak, garbigailuak, labeak eta plakak ekoizteko gai da orain. Garagartzako lantegia, bere alorreko «Europako lantegirik modernoena da», Pablo Mongelos konpainiako zuzendari nagusiaren arabera. «80 merkatutan, eta batez ere Espainian, lidergo bokazioa du Fagorrek» esan zuen, eta «hiru kontinentetan lantegiak ditugula, tokian irauteko bokazioa duen multinazional bakarra gara sektorean, gure herrian sakonki sustraituta».
-
Garaiaren eskaintza arloak
-Elektronika, mikroelektronika eta nanomikroteknologia
-Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak (IKT)
-Materialen teknologia
-Mekanizazioa eta gainazalen akabera egiteko makinak eta prozesuak
-Energia
-Enpresen management-a, antolamendua eta administrazioa