Zenbaki handiak. Mondragon Korporazio Kooperatiboaren inguruko datuak hala izan ohi dira, eta atzo ez zen kontrakorik gertatu, iazko emaitzen eta datozen lau urteetarako helburuen berri emateko Arrasaten MCCk egin zuen prentsaurrekoan. 2008. urterako 17.000 milioi euroko urteroko salmentak finkatzea, 25.000 lanpostu gehiago sortzea(95.000raino) eta horretarakoguztirako 4.000 milioi euro inbertitzea aurreikusten du Korporazioak 2005-2008 plan estrategikoan.
MCCko presidente Jesus Cataniak ez zuen zehaztasun handirik eman lanpostu berri horien banaketa geografikoaz, baina, «orain arte bezala», berton enplegua sortzen jarraituko dutela argitu zuen. Dena den, pentsa daiteke, 25.000 lanpostu berri horietatik asko banaketaren alorrekoak izango direla. Inbertsioari buruz, 4.000 milioi euroen %60 inguru baliabide propioekin jartzeko moduan izango dira, eta, Cataniak ez zuen ekarpen jaulkipenen bat egiteko aukera baztertu, «ezin gara eta burtsara atera».Hiru dira datozen urteetan MCCk gehien landuko dituen esparruak. Nazioartekotzea da, nola ez, horietako bat. Azken urteetan areagotuz joan den joerari jarraitu eta norabide nagusi Txina eta Europa Ekialdeko herrialdeak izango dituzte. «Aurrerago begira», Errusia ere aipatu zuen Cataniak. Nazioartekotze lan horrekin, 2008an industria salmenten %16 Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo izango dituzten lantegietatik irtetea aurreikusten dute. Eta Industria Talde osoaren nazioarteko salmentak (Euskal Herritik eta Espainiatik kanpokoak) salmenta guztien %57 izatea (%49,2 2004an). Lau urteren buruan «atzerrian 70-75 lantegi izateko aukera» zehaztu zuen Cataniak, gaur egun baino 20ren bat gehiago.Nazioartekotzea eta produkzioa lekuz aldatzea gauza desberdinak direla azaltzeko ahalegin berezia egin zuen atzo MCCko presidenteak. «Lantegi horiek merkatu berriak irabazteko dira eta bide batez hemengo ekoizpena banatzeko».
Ikerketara, garapenera etaberrikuntzara, %6,5
Berrikuntza da plan estrategikoan ezarritako beste esparru bat. Lau urteetan, 41 milioi euroko aurrekontuarekin, Zientzia eta Teknologia Planari lehentasuna eman eta kooperatiben arteko tresnak bultzatuko dira epe luzerako ikerketa ahalbidetzeko. iMCC proiektuarekin enpresa hedatuak sustatu nahi dituzte, teknologia berrien bidez. Berrikuntzaren esparruan jakina Garaia Gunearen apustuaren sendotzea ere ekarriko dute datozen lau urteek. Berrikuntzarako baliabideak handituko ditu MCCk helburu horien bila eta industria eremuan sortutako Balio Erantsiaren %6,5 inbertituko du horretan 2008an (%5,1 iaz).
Ez dira helburu makalak Plan Estrategiko horretan MCCk jasotakoak, baina joan den urteko emaitzak aintzat hartuz gero, xede horiek lortzeko oinarri sendoa egon badago. Iaz, %8,3 handitu zituen salmentak MCCk (Industria eta Banaketa taldeek)eta 502 milioi euroko emaitza gordinak iritsi, aurreko urtean baino %22,1 gehiago. Bide horretan, 2.624 lanpostu berri sortu zituen eta gaur egun ia 71.000 langile dira MCCn. Emaitza «zinez onak» direla esan zuen Cataniak, kontuan izanda munduko ekonomiaren indarberritzea baina baita industriako lehengaien garestitzea eta dolar-euro trukea ere.2005. urteko ekitaldiaz zuhur agertu zen Catania, eta aitortu zuen «zailtasun handiak» dituztela lehengaien garestitze handiak bezeroei trasladatzeko. Hala ere, emaitzak %5 eta %8 artean hobetzea espero du. 900 milioi euro inbertituko dituzte (iaz baino %23 gehiago) eta 11.000 milioi eurotik gora fakturatu. 2.000 lanpostutik gora sortzea aurreikusten du MCCk.
MONDRAGON KORPORAZIO KOOPERATIBOA
MCCk lau urtean 25.000 lanpostu gehiago sortzea hartu du helburu
Nazioartekotzea eta berrikuntza dira Korporazioaren 2005-2008 Plan Estrategikoaren apustu nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu