Mendiguren y Zarraua enpresak 227 langile kaleratu nahi izan zituen iazko irailean, lan erregulazio dosier baten bidez. Dosier hori baliogabetu du orain Bilboko gizarte arloko 10. epaitegiak. ELA sindikatuak auzitara eraman zuen zuzendaritzaren lan dosierra, eta epaitegiak arrazoi eman dio sindikatuari. Zuzendaritza «fede txar nabarmenez» aritu dela dio epailearen ebazpenak; lana erregulatzeko dosierra aurkezteko prozesuan, ez zuen beharrezkoak diren agiriak aurkeztu. «Akordiotara heltzeko benetako asmo gabezia» nabarmentzen du epaileak bere ebazpenean.
Hala, enpresa zuzendaritzak erabakitako 227 kaleratzeak baliogabeturik geratu dira. «Garaipena dela eta», zoriondu ditu ELA sindikatuak Mendiguren y Zarrauako langileak, eta «bide beretik» jarraitzeko esan die. «Borrokaren bidez soilik defendatu ahal izango ditugu gure baldintzak zuzendaritzaren erasoen aurrean», dio ELAk hedabideetara igorritako ohar batean.
Epaitegiek langileen kaleratzeak baliogabetzea ez da apartekoa jadanik Euskal Herrian. Laminaciones Arregui eta Corrugados Azpeitiako erregulazio dosierren kasuak bizi-bizirik daude oraindik ere, besteak beste langileon etorkizuna argitzeke dagoelako. Lan agintaritzaren ikuskaritza rola baliogabetu eta enpresa zuzendaritzei dosierrak aurkezteko erraztasun izugarria eman die PPren lan erreformak. Horregatik gero eta arruntagoa da gizarte arloko epaitegietara jotzea dosier baten aurka. Aurreko bi kasuetan bezala, orain ere atzera bota dute epaileek.
Lan gatazkak
Mendiguren y Zarrauako 227 kaleratzeak baliogabetu ditu Bilboko epaitegi batek
Irailean aurkeztutako dosierra atzera bota du epaileak, enpresak erakutsitako "fede txarra" kontuan hartuta. Abadiñon eta Berrizen ditu lantegiak Mendiguren eta Zarrauak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu