Mendiguren y Zarrauako 48 langile kaleratu dituztela salatu du ELAk

Sunsundeguik nahikoa eskaera baduela iritzita, LABek baztertu egin du herenegun adostutako suspentsioko dosierra

Erredakzioa
2009ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Mendiguren y Zarraua enpresa konkurtso egoeran sartu zenetik, langileek enpresan izango duten etorkizuna zalantzan daukate. Oraingoan, Bilboko auzitegi batek 48 langileren kaleratzea onartu duela jakinarazi du ELAk.

Sindikatua, baina, ez dago erabakiarekin ados, eta «justifikaezina eta gutxi arrazoitutakoa» dela iritzi dio. ELAren arabera, epaileak ez du lan taldeko inoren argudiorik entzun: «Ez dituzte baloratu ez Lan Ikuskaritzak, ez Lan Agintaritzak ezta epaileak berak ere; konkurtsoko administrariek aurkeztutakoak soilik entzun dituzte».

Merkataritza auzitegiek langileak «erraz» kaleratzen dituztela ere ohartarazi du, eta horren harira, salatu du konkurtso egoerak ezin duela izan «gonbidapen bat» langileak kaleratzeko.

ELAk epaileari aurkeztutako txostenean zehaztu zuenez, Mendiguren y Zarrauak kapitala kanpora eraman du, Portugalera eta Txekiara, kasu. Lan karga ere inguruko enpresetara eramaten duela ere adierazi zuen.

Egoera hori ikusirik, datozen egunetan mobilizazioak egingo ditu lanpostuen defentsa aldarrikatuz. Bi lantegi dauzka enpresak: bata Berrizen, eta bestea Abadiñon, eta 320 langile dauzka.

Kaleratzerik oraingoz, behintzat, ez da egongo Sunsundeguin; kontratuak eteteko dosierra bai, ordea. ELA herenegun «pozik» agertu baldin bazen enpresak 77 langile kaleratzeko erabakia baztertzearekin, atzo LABek ez zuen ontzat jo: «Dosierra ez da beharrezkoa, eta ez ditu arazo estrukturalak konpontzen». Akordioa «behin-behinekoa» izango dela ere gaineratu zuen.

Horrez gain, maiatzeko bideragarritasun planean proposatu zituen kaleratzeak «xantaia» izan direla iritzi dio LABek, sindikatuek hura onartzeko. Horregatik, konponbide bakarra «konfrontazioa» dela uste du.

Hori arrazoitze aldera, urte bukaera bitartean 70 autobus eta 11 tren egiteko eskaera duela gogorarazi du. Zuzendaritzaren dimisioa ere eskatu du.

Bestalde, Irungo Porcelanas Bidasoako langileek enpresaren itxiera eta 47 lanpostu deuseztatzea salatzeko asteazkenero egingo dituzte elkarretaratzeak, 18:00etan, udaletxearen parean.

Zigorra, Tubacexi

Laudioko Tubacexi, berriz, EAEko Auzitegi Nagusiak zigorra ezarri dio, «askatasun sindikala urratzeagatik». LABek jarri zuen enpresaren kontrako salaketa 2005ean lan hitzarmenaren osteko negoziazioan sindikatua baztertu zuelako. Hura «ez sinatzeagatik» izan zela uste du. Sindikatua «pozik» agertu da ebazpenarekin, «Tubacexen LABek urte askotan pairatu duen egoera islatzen duelako, STAT, CCOO eta UGTren tolerantziarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.