Ekonomia hondamenditik gertu ibili ostean, burtsa indizeak mendira bidean dira. Gora eta gora, alegia: Ibex-35 (+%0,44) 10.000 puntutik gora dago, azken zortzi hilabeteotan lehen aldiz. Egoera hobetu dela esan nahi al du horrek? Txartze nabarmenegirik ez dela espero agian bai; baina egoera hobetu dela esatea ausarkeria da. Etxe Zuriak urtarrilean hondamendia gertu ikusten omen zuen; egun ez. Hemerotekan ibilaldirik egin gabe, 1.611 milioiren salerosketa apalarekin jarri zuten marka gure indizeek. %2na pasako irabaziak izan zituzten Abengoa, Banesto, Iberia, Abertis eta Enagasek. Iberdrola (=) Pagasarrira bidean gelditu zen eta blue chip-ek pauso laburrak egin zituzten, Edurnezuri (+%0,76) buru zutela. AEBetako bankuen mozkinak positiboak izateak, ez du egoeraren larria zuritzen eta dolarrak ere 1,41etik gora egin du. AEBetan nahiz Europan langabeziak gora egingo duela, lekuko. Kontsumoa jaistearen lekuko, Carrefour (-%3,73).
Zeltia (+%1,27) bioteknologia enpresaren bosgarren akzioduna da Gipuzkoa Donostia Kutxa, kapitalaren %2,8 ingururekin. Joan den ostiralean 5,5na euro balio zuten Kutxak enpresa horretan dituen 6,17 milioi akzioek. Atzo, aldiz, 3,18na euro baino ez zuten balio. Astebetean 14 milioi gutxiago balio du euskal kutxaren partaidetzak, AEBetan minbiziaren aurkako Yondelis botikaren merkaturatzeak topatu dituen trabak direla medio. Ikerketekin jarraitzeko kapital hedatzearen aukera aztertzen ari omen da 706 milioi balio dituen Galiziako bioteknologia enpresa.
Mendira bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu