Enpresak

Mercedesek 190 milioi euroko inbertsioa egingo du Gasteizen

Neurri ertaineko kamioneta "modelo berri bat" ekoitzi nahi du Daimler taldeak Euskal Herrian duen plantan, aurten hasita.

xabier martin
2014ko urtarrilaren 15a
12:27
Entzun

Alemaniako auto ekoizle Mercedes-Benzeko zuzendaritzak iragarri du Gasteizen duen plantan inbertsio handi bat egingo duela. 190 milioi sartuko du Daimler taldeak Gasteizen, kamioneta berri bat ekoizteko gai izan dadin planta. "Belaunaldi berri bateko ibilgailua" izango da, eta hura Gasteizen egin ahal izateko egokitzapen garrantzitsuak egin behar dira. Edonola ere, aurten bertan hasiko lirateke kamioneta berriak ekoizten, martxoan; eta litekeena da udatik aurrera merkaturatzea.

"190 milioi eurotik hurbil dagoen inbertsioarekin, Gasteizko gure lantokia berrindartu nahi dugu, eta etorkizunari ekiteko prestatu", esan du Mercedes-Benzeko kamioneten arloaren zuzendari Volker Mornhinwegek. Diru hori guztia plantaren hainbat ataletan baliatuko dute, "txasia, lakatua eta muntatzearen modernizazioan eta diseinu berrian", hain zuzen.

Nahiz eta enpresaren oharrak ez aipatu Gasteizen ekoitziko den modelo zehatza, itxura guztien arabera, VS-20 izan daiteke, Viano eta Vito furgoneten lekukoa hartuko duen modeloa. Haiek dira Gasteizen ekoizten diren kamionetak 2003az geroztik. Gasteiz da ez alferrik Mercedes-Benzen munduan duen bigarren kamioneta planta handiena, urteko 75.000 ibilgailurekin. 

Mercedesen Gasteizko plantak 3.100 langile ingururi ematen dio enplegua gaur egun, eta horregatik, 190 milioi inbertsioa albiste ona da lantokiaren etorkizunari begira, Alemaniako zuzendaritzak plantarekiko dituen asmoei begira alegia. Iaz, hilabeteko eregulazioa izan zuen lantaldearen %80ak. Hiru txandatan aplikatu zen; apirilean hasi eta iraila arte, langileak hilabete joan ziren etxera, itxura batean faktoriak VS-20 modeloa egin ahal izateko egokitzapen lanengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.